GIZARTEA

Sestaoko alkatearen hitzak "erabat desegokiak" iruditu zaizkio Urkulluri

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak "zuhurtzia eta zintzotasuna" eskatu du. Adierazpenen zabalkundean "asmo elektoralista" ikusten du, eta "manipulatuak" izan zirela salatu du Legebiltzarrean.

Josu Bergara, hainbat herritarrek babestuta, gaur zortzi. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
2014ko maiatzaren 30a
10:15
Entzun

Josu Bergara Sestaoko alkatearen adierazpen xenofoboen inguruan galdetu diote Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari Eusko Legebiltzarrean, Jaurlaritzaren kontrol saioan. Urkulluk esan du hitz horiek "erabat desegokiak" iruditu zitzaizkiola, "eduki eta tonu aldetik", baina "inolako asmo arrazistarik gabeak". 

Urkulluk gogorarazi du Sestaoko Udalak hainbat immigranteren erroldatzean izandako jarrera auzitegietan dagoela, eta "zuhurtzia eta zintzotasuna" eskatu du gai horren inguruan; "udaletik hasita" egin du eskari hori, esan duenez. 

Lehendakariak salatu du, hala ere, "asmo elektoralista" egon dela duela urtebeteko grabazioak hauteskundeak baino lau egun lehenago publiko egiterakoan, eta "manipulatuak" izan direla: "Bileran egondako higiezin enpresek onartu dute han ez zela adierazpen arrazistarik egin". Lehendakariak esan duenez, Bergara gaizkileez ari zen hitz horiek esan zituenean: "Sestaon delinkuentzia da arazoa, ez arrazakeria".

SOS Arrazakeria elkarteak, gaur zortzi ukatu egin zuen manipulazioa izan denik.

Diana Urrea EH Bilduko parlamentariak, baina, Legebiltzarrean gogoratu du Bergarak erroldatzea ukatu diela Sestaoko zenbait familiari, eta lege "kontzienteki eta behin baino gehiagotan" urratu duelako. 

Arartekoaren espedientea

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoak atzo jakinarazi zuen espediente bat zabaldu duela Sestaoko alkateak etorkinei jarritako oztopoak ikertzeko.

Bergarak orain urtebete esandakoak pasa den astean eman zituen jakitera BERRIAk. Biharamunean barkamena eskatu zuen Sestaoko alkateak, eta dimititzea baztertu zuen. Bizkai Buru Batzarrek ere desegokitzat jo zituen Bergararen hitzak, baina bere barkamen eskaera ontzat jo zuen. Sestao Aurrera auzo elkarteak ontzat jo zituen alkatearen hitzen "funtsa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.