Auto istripua

Sestaoko ama-seme batzuk hil dira auto batek harrapatuta

Gidariak alkohol tasa onartua baino hiru aldiz gehiago eman du, bai eta positibo ere drogetan. Kantabrian (Espainia) gertatu da ezbeharra, Ribamontan al Mar herrian; autoa errepidetik atera delarik, beste pertsona bat ere harrapatu eta hil du.

CA-433 errepidea. GOOGLE MAPS
Xabier Martin - Julen Otaegi Leonet
2023ko apirilaren 5a
10:04
Entzun

Sestaoko bi lagun hil dira Kantabriako erkidegoan (Espainia) izan den auto istripu larri batean. Ama-seme batzuk dira, 42 eta 19 urtekoak, eta auto batek eragin die heriotza, errepidetik atera delarik eman dien kolpe larriaren ondorioz. Istripu berean beste pertsona bat hil da, Santo Domingo de la Calzadakoa (Errioxa, Espainia). Guztira, hiru pertsona harrapatu eta hil ditu auto horrek Ribamontan al Mar herrian, kontrola galdurik errepidetik atera baita eta pertsona horiek harrapatu baititu.

Espainiako Gobernu ordezkariak Kantabrian jakinarazi du Guardia Zibilak ikerketa bat abiarazi duela. 73 urteko gidariak 0,72ko tasa eman du, 0,25 baimendua baino ia hiru aldiz gehiago; drogetan ere positibo eman du. Epailearen esku geratzekotan da gidaria. 0,60ko tasatik gora ematea delitu penala da: hiru eta sei hilabete arteko espetxe zigorra, sei hilabetetik hamabi hilabete arteko isunak edo komunitate lanak, eta gidabaimena urtebetetik laur urte bitartean galtzea ekar ditzake.

Atzo arratsaldeko 20:00etan gertatu zen harrapaketa, CA-433 errepidean. Sestaoko ama-semeak eta Santo Domingo de la Calzadako emakumea (68 urtekoa) paseoan zebiltzan errepide alboko oinezkoentzako eremuan, eta autoak aurrean eraman zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.