Barakaldoko 22 urteko emakumezko bat zendu zen atzo, Sestaon (Bizkaia), 02:30 aldera gertatutako auto istripu batean. Sestaoko udaltzainen arabera, gidariaren ondoko eserlekuan zihoan andrea, eta ez zeraman segurtasun uhala lotuta. Lehen hipotesien arabera, autoak eskuinera egin ostean, aurreko gurpilak espaloia jo zuen; gurpila lehertu, eta gidariak autoaren kontrola galdu zuen pareta bat jo arte.
Bi anbulantzia joan ziren istripua jazo zen zen tokira, baina ezin izan zuten ezer egin gaztearen bizitza salbatzeko. Gidariak, Barakaldon jaiotako 27 urteko gizonezkoak, zauri arinak zituen, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten bertan arta zezaten.
Alkohola
Istripuaren ostean test bat egin zioten udaltzainek gidariari, alkohola edota bestelako drogen eraginpean gidatzen ari zen jakiteko, eta bietan eman zuen positibo. Goizeko bederatzietan atxilotu zuten udaltzainek, Gurutzetatik ateratzen ari zen unean. Polizia etxera eraman zuten, eta han egongo da istripuari buruzko ikerketa osatu arte. Zuhurtziagabekeriazko giza hilketa eta zirkulazioaren segurtasunaren aurkako delituak leporatu dizkiote.
Sestaon 22 urteko andre bat zendu da istripu batean, autoa bidetik aterata
Automobileko gidaria atxilotu egin dute erietxetik irten ostean, alkohol gehiegi edanda zihoala leporatu baitiote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu