EUSKAL HERRIA

Sevilla II-ko euskal presoek bertan behera utzi dute gose greba

31 egun egin dituzte baraualdian. EPPK-k nabarmendu du protestak presoen egoera ezagutaraztea ahalbidetu duela.

Presoekin elkartasunez egindako protesta bat, Bilbon Gobernu Zibilaren aurrean, herenegun. LUIS JAUREGIALTZO, ARP
2013ko azaroaren 28a
12:10
Entzun

Sevilla II kartzelan dauden euskal presoen egoera salatzeko abiatu zuten gose greba urriaren 28an. “Sevillako egoera ez da atzo goizekoa. Espetxeko isolamenduan kokatzea ez ezik, zigor errejimen iraunkorra aplikatzen baitiete. Patiorduetan elkarrekin atera beharrean bananduta irtetera behartzen dituzte, etengabeko miaketak jasan behar izaten dituzte eta osasun eskubidea ez zaie bermatzen”, oroitarazi du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak.

Etxeratek Twitter bidez jakinarazi du albistea, eta azpimarratu du Sevilla II-ko presoen egoera ez dela aldatu, eta euren eskubideen alde lanean jarraitzeko asmoa iragarri du.

EPPK-k BERRIAra igorri duen oharrean “babes osoa” adierazi die gose greban parte hartu duten presoei. Protestaren bidez lortutakoak nabarmendu ditu kolektiboak: “Beste espetxeetan elkartasun ekimenak burutzeaz gain, kalean eta instituzioetan oihartzuna eta ardura zabaltzea lortu da”.

Gose greba bertan behera geratuta, “herriarekin batera jarraituko dugu egoerari aurre egiten, konponbide bati begira presioa arindu eta beste molde batez ekinez”, azaldu du EPPK-k.

13 preso protestan

Iker Agirre, Jabi Agirre, Gurutz Agirresarobe, Koldo Aparicio, Iñaki Arakama, Asier Arzalluz, Juan Mari Etxebarri, Garikoitz Etxeberria, Jesus Goikoetxea, Manuel Gonzalez, Juan Lorenzo Lasa Mitxelena, Roberto Lebrero eta Urtzi Paul Larreak hartu dute parte baraualdian.

Preso ugarik gose greba utzi behar izan dute osasun arazoak direla medio, eta seik jarraitu dute: Iker Agirre, Gurutz Agirresarobe, Juan Mari Etxebarri, Txus Goikoetxea, Juan Lorenzo Lasa eta Roberto Lebrero dira baraualdiarekin jarraitu zutenak, eta itxialdian zeuden gainontzekoak, protesta egiten segitzeko. Koldo Aparicio, berriz, aske geratu zen hilaren 23an. Bakoitzak 15 bat kilo galdu dituela eta osasun egoera oso ahulean daudela ohartarazi du Etxerat-ek.

Herenegun salatu zutenez, Sevilla II-ko zuzendaritza ez da harremanetan jarri gose greban zeuden presoekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.