SEXU ABUSUAK

Sexu abusuei buruzko batzorde bat osatuko du Nafarroako Elizak

Maite Quintana abokatua izango da zuzendari

Erlijio ikastetxeetan sexu abusuak jasan dituztenen elkarteko kideak Nafarroako Parlamentuan, urtarrilaren 10ean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2020ko otsailaren 3a
16:18
Entzun

Iruñeko eta Tuterako Elizbarrutiko apezpiku Francisco Perezek Adingabeak eta Pertsona Zaurgarriak Babesteko Batzorde bat jarri du martxan, kontzientzia, botere eta sexu abusuen biktimak artatzeko. Batzorde horrek Maite Quintana abokatu eta Nafarroako Caritaseko idazkari nagusia izango du zuzendari.

Abusuen egilea edozein dela ere artatuko dute batzordean, Josetxo Vera artzapezpikutzaren komunikabideetarako ordezkariak adierazi duenez; abusuak Eliza Katolikoaren esparruan nahiz besteren batean gertatu diren kasuak hartuko ditu. Horrela, azaldu dute batzordeak Nafarroako gizarte osoari zerbitzua emateko bokazioa duela.

"Adingabe askok bizi dezaketen egoerak kezkatzen gaitu", adierazi du Quintanak: "Errealitatea oso zabala da eta batzordearen kezka biktima da; berdin du nola, non, noiz eta nork". Zehaztu duenez, lehen helburua izango da "biktima artatzea" eta, horrekin batera, herritarren artean sentsibilizazioa zabaltzea eta adingabeekin lan egiten duten aisialdiko begirale, katekista eta apaizekin formazio saioak egitea.

Martxan jarri nahi duten prozesuak biktimei entzutea izango du abiapuntuan, eta entzute ariketa horretan sartu nahi dute Elizaren abusuen biktima izan direnen elkartea. Hurrengo urratsak izango dira "laguntza terapeutikoa, espirituala eta juridikoa ematea, Vatikanoak eta [Espainiako] Apezpikuen Batzarrak ezarritako protokoloen arabera".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.