Sexu Askatasunerako legeak edo Soilik baietza da baietz gisa ezaguna den lege proposamenak bidea hasiko du Espainiako Kongresuan, Irene Montero Berdintasunerako ministroak lege proposamena ministroen kontseilura eraman eta kontseiluak oniritzia eman ostean. Lege proiektuak eduki aldaketa esanguratsuak proposatzen ditu: aurrerantzean onarpenik gabeko sexu jarduera oro erasotzat joko da, eta sexu abusuaren terminologia ezabatu egingo da legetik, nahiz eta astungarrien mailaketa bat proposatzen den. Halaber, indarkeria sexuala jasan duten emakumeei erreparazioa emateko neurri sorta proposatzen du. Irailean Kongresuan hasiko du bidea. Zuzenketak egin ostean Senatuak berretsi beharko du indarrean jarri baino lehen.
Duela bost urteko sanferminetan izandako talde bortxaketaren harira Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ateratako sententziak eragin zuen sexu askatasunaren legea aldatzeko premia. Bost gizonek emakume bat bortxatu zuten, eta auzitegiak ebatzi zuen «ez zenez ezezko espliziturik adierazi» ez zela erasorik izan, eta sexu abusutzat jo zuen talde bortxaketa. 2019an Espainiako Auzitegi Gorenak zuzendu zuen Nafarroako Auzitegiaren epaia, eta sexu erasotzat jo zuen talde bortxaketa. Akusatuei zigorra gogortu zien. Nafarroako Auzitegiko epaiak eragin zuen aldarrikapen bat ozentzea: sexu askatasunerako legea berrikustearena.
Irene Montero Berdintasun ministroak nabarmendu du lege honen helburua dela onarpena jartzea erdigunean: «Emakumeak bakarrik erabaki dezake bere gorputzaren eta sexualitatearen gainean. Ez duzu demostratu beharrik inori aurre egin diozunik, indarkeria egon denik edo intimidaziorik sentitu duzunik».
Lege proposamenaren arabera, jada ez da indarkeria edo intimidazioa egon dela demostratu beharko erasoa erasotzat jotzeko, egun indarrean dagoen zigor kodearen arabera hori baita abusua eta erasoa bereizteko muga. Hain zuzen, legearen interpretazio horrek eragin zuen Nafarroako Auzitegiak abusutzat jotzea talde bortxaketa. Eta horrek biktimarengan jartzen du karga, berak demostratu behar duelako indarkeria edo intimidazioa egon dela. Istanbuleko protokoloa segitzen du lege proposamen berriak. Horren arabera, onarpena egon den edo ez jartzen da ardatzean, eta baztertzen ditu gainerako aldagaiak. Lege proposamenaren arabera bakarrik ulertuko da onarpena egon dela «jardun bakoitzaren zirkustantzien arabera libre adierazi denean eta modu argian pertsonaren borondatea». Egun indarrean dagoen legearen arabera abusua da, eta ez erasoa, biktimaren borondatea ezeztatzeko drogak edo farmakoak erabiltzea ere. Lege proposamen berriak borondatea modu argi eta librean adierazi behar dela jasotzen du.
Delitutzat hartuko da, halaber, kaleko jazarpena. Delitu egiletzat joko ditu kalean beste pertsona batzuei zuzentzen zaien oro «adierazpen, portaera edo izaera sexualeko proposamenak eginez, biktimari objektiboki egoera umiliagarri eta intimidatorioa eraginez, larritasun gehiagoko beste deliturik egin gabe». Hiru zigor mota jasotzen ditu delitu mota horrentzat: bost egunetik 30era etengabe lokalizatuta egotea, komunitatearen mesederako lanak egitea edo hilabete batetik laurako isuna.
Lege proposamenak baditu beste berrikuntza batzuk. Eremu digitaleko indarkeria sexualak aintzat hartzen ditu, ezkontza behartuak ere bai eta emakumeen genitalen mutilazioa ere bai. Guztira hamabost urtera arteko zigorrak tipifikatzen ditu.
Genero indarkeria eta bikotekidearen edo bikotekide ohiaren partetik tratu txarrak jasan dituztenentzako baliabide gehiago ezartzea aurreikusten dute, eta hezkuntza sexuala ziklo guztietara zabaltzea ere bai.