Greziako Parlamentuak sexu berekoen izatezko bikoteak onartu ditu bart Syrizaren eta oposizioaren botoekin. Anel Greziar Independenteak alderdiaren babesa du Tsiprasek gobernuan baina homosexualen izatezko bikoteen legea bozkatzerakoan kontra bozkatu dute horiek (Eliza ortodoxotik hurbil daude). Hamabi ordu iraun zituen eztabaidak parlamentuan, eta Egunsenti Urrekara alderdi neonaziaren diskurtso homofoboa ere ez da izan.
Homosexualei izateko bikote eskubidea aitortuta "Greziako estatuaren ziklo atzerakoi eta lotsagarri bat" atzean utzi dutela esan du Alexis Tsipras lehen ministroak. Barkamena eskatu zien Tsiprasek homosexualei, Europako beste herrialde batzuen aldean eskubide hori berandu aitortzeagatik. 2013an Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Grezia zigortu zuen homosexualei hori debekatzeagatik. Lege berriarekin izatezko bikote homosexualak heterosexualekin berdinduko ditu, eta ezkonduek izango dituzten antzeko eskubideak aitortuko dizkiete.
Haurrak adoptatzea ez dute baimendu, hala ere. Nikos Paraskevopulos Justizia ministroak ez du baztertu etorkizunean hori ere onartzea. Hain zuzen, Anel alderdiak gogor kritikatu du legea, haurrak adoptatzeko bidea irekiko duelakoan. Greziako LGTB kolektiboa pozik agertu da onartutako legearekin baina esan du espero duela aurrerago haurrak adoptatu ahal izateko lehen urratsa izatea. Parlamentuan legea bozkatzen zuten bitartean Syntagma plazan bildu dira euren eskubideak aldarrikatzeko.