Barakaldoko Udalak eman du gertatutakoaren berri. 21:45 inguruan gertatu zen erasoa, asteartean, Clara Campoamor parkean. Erasotzailea neskarengana joan, eta zuhaizti batera joatera behartu zuen. Han, bortxatzen saiatu zen.
Haren oihuak entzun zituen gertu zegoen gazte talde batek; bertara joan ziren, eta erasotzaileak ihes egin zuen. Udaltzaingoari abisua eman zioten zenbait lekukok, eta erasotzailea identifikatu zuten. Atari batean ezkutatu zen, eta udaltzainek atxilo hartu zuten.
Barakaldoko Udalak "jarrera sexistetatik eratorritako eraso eta tratu txar oro" gaitzetsi du. Mikel Antizar jarduneko alkateak Bozeramaileen Batzordera deitu du, eta bihar eguerdirako elkarretaratzea antolatu; Herriko Plazan batuko dira.