Neska adingabe batek salatu du Azkoitiko Andramari jaietan sexu eraso bat egin ziola mutiko adingabe batek. Larunbatean salaketa jarri zuen, eta astelehenean, 18:30ean, protesta egin dute herritarrek. Ehunka eta ehunka elkartu dira, Sostenipe talde feministak deitutako protestan, Erasorik ez erantzunik gabe leloa idatzia zuen pankartaren atzean.
Elkarretaratzean izan dira Azpeitiko eta Azkoitiko udaletako ordezkariak, eta hainbat taldetako ordezkariak. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek ere egin dute salaketa.
Sostenipe taldeko kideek jakinarazi dute herriko jaietan beste eraso bat ere izan dela, baina oraindik ez dutela nahikoa informazio bildu.
Bilbon, berriz, gizon batek bikotekideari tratu txarrak ematen zizkiola salatu zuten ostiralean. Salaketa jasota, udaltzainak Barrainkua kalera joan ziren, eta preso hartu zuten gizona, bikotekideari eraso egiteagatik; bi polizia jotzea ere leporatu diote. Emakumea, berriz, Basurtuko erietxean artatu zuten.