Sexu eraso bategatik 6 urtera zigortutako gizon bat errugabetu du Nafarroako Auzitegi Nagusiak

Urrian eman zuen lehen epaia Nafarroako Probintzia Auzitegiak, eta, defentsaren helegitea aintzat hartuta, kondena baliogabetu du auzitegi nagusiak; ez du uste «akusazioa frogatuta» dagoenik.

NAFARROAKO JUSTIZIA JAUREGIA
Probintzia auzitegiak jarritako zigorra baliogabetu egin du auzitegi nagusiak. VILLAR LOPEZ / EFE
Maite Asensio Lozano.
2024ko otsailaren 2a
16:40
Entzun

Emakume bati sexu erasoa egiteagatik sei urteko zigorra jaso zuen gizonezko baten kondena baliogabetu egin du Nafarroako Auzitegi Nagusiak, zigorra arrazoitzeko faktore nahikorik ez dagoela argudiatuta. Urrian eman zuen lehen epaia probintzia auzitegiak, eta, defentsak helegitea jarri ondoren, orain eman du ebazpena auzitegi nagusiak. Erasoaren unean, biktima ia konorterik gabe zegoen, alkohola «edo beste substantzia ezezagunen bat» hartuta, eta, hala, auzitegiarentzat, «salatzailearen testigantzak ez du argitzen onespenik gabeko sexu harreman bat izan al zuten neskak gogoan ez duen denbora tartean».

2022ko apirilean gertatu zen erasoa, Iruñean, biktimak 18 urte zituela. Emakumea eta gizona parrandan atera ziren; lehenik ikasle etxe batean egon ziren, eta, gero, taberna batzuetara joan; goizaldean, elkarrekin alde egin zuten dantzaleku batetik, eta gizonaren etxera joan ziren. Alkohola «neurrian» kontsumitu zuen biktimak, baina ez du gogoan gauerdiaz geroztik zer gertatu zen. Biharamunean esnatu zen, biluzik, gizonaren ohean.

Auzitegiko aretoak frogatutzat jo du «hizketan» egon zirela, eta, gero, «sexu harreman kontziente eta borondatezkoak» izan zituztela. Gogora ekartzekoa da sexu askatasunari buruzko Espainiako legeak —soilik baietz da baietz izenaz ezaguna— sexu eraso gisa definitzen dituela «korderik gabeko pertsonei» edo «borondatea baliogabetua dutenei» egindako jardun sexualak; eta larrigarrien artean jasoa duela sumisio kimikoaren bidez biktimaren borondatea indargabetzea.

Urrian, gizonari sei urteko zigorra ezarri zion Nafarroako Probintzia Auzitegiak, ondorioztatuta delitu bat egin zuela: «sarketadun sexu abusua». Auzitegi nagusiak, ordea, errugabetu egin du, haren aurkako frogak ez daukatelakoan «sendotasun» nahikoa errugabetasun printzipioa hausteko. «Akusatuaren absoluzioaren bidez, aretoa ez da esaten ari haren aurkako salaketa faltsua denik, ezta haren errugabetasuna frogatutzat jotzen ere, baizik eta akusazioa ez dagoela frogatuta», adierazi du auzitegiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.