Indarkeria matxista

Sexu erasoei aurre egiteko ahaleginean herritarren "konpromisoa" eskertu du Goiak

Donostiako alkateak nabarmendu du, azken hiru erasoetako bitan, inguruan ziren bi herritarrek biktimak babestu dituztela. Jakinarazi duenez, festak hasi zirenetik, bost sexu erasoren salaketa formal egin dira. Horietako bat bortxaketagatik.

2019ko abuztuaren 17a
22:51
Entzun

Donostiako Udalak elkarretaratzea egin du gaur eguerdian, azken sexu erasoak gaitzesteko. Udaletxearen parean elkartu dira udal gobernua, udal taldeetako ordezkariak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat kide, Donostiako Udala, eraso sexisten aurka leloa zuen pankartaren atzean. Hiru sexu eraso egin dizkiete beste horrenbeste emakumeri, azken orduetan, Donostiako Aste Nagusian.

Erasoetako bat, ostegun gauean gertatu zen, zezensuzkoan. Gizonezko batek ukituak egin zizkion neska adingabe bati, eta ihes egin zuen berehala. Gertatutakoaren lekuko izan zen herritar bat neskarengana gerturatu zen laguntza eskaintzera, eta udaltzaingoaren aurrean salatu zuten erasoa.

Hurrengo goizaldean, 05:00 inguruan, gertatu zen beste erasoa, Egia auzoan. Gizonezko batek ukituak egin zizkion emakume bati, andrea oihuka hasi zen, eta erasotzaileak korrika alde egin zuen.

Azkena, berriz, arratsaldeko lehen orduan gertatu zen, atzo, Kontxa hondartzako aldageletan. Gizonezko batek emakumezko sorosle bati egin zion eraso. Emakumea aldageletatik irten zen, laguntza eske. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da, eta, oraingoz, ez du inor atxilotu.

Indarkeria matxistaren kontrako ahaleginean herritarrek agertu duten "konpromisoa" eskertu du gaurko elkarretaratzean Eneko Goiak. Nabarmendu du bi herritar biktimak laguntzera hurbildu zirela, azken orduetan izandako erasoetako bitan. "Gainera, gizonezkoak izan dira. Nabarmentzekoa da, gaitz honi aurre egiteko guztiok hartu beharreko konpromisoaren adierazle delako".

Goiak jakinarazi duenez, Aste Nagusia hasi zenetik bost emakumek salatu dute formalki sexu erasoren bat. Salaketa horietako bat bortxaketagatik izan da. Kasu horrekin lotuta, Ertzaintzak 39 urteko gizonezko bat atxilotu zuen ostegunean. Bortxaketaren erantzulea izatea leporatzen dio. Epaileak espetxera bidali zuen atzo, behin-behinean.

Udalak emandako datuez gain, Donostiako Piratek asteazkenean salatu zuten 11 emakumeri eraso zietela 24 orduan.

Sexu eraso bat, Azkoitian

Emakume bati sexu erasoa egin diote Azkoitian (Gipuzkoa), herriko jaietan; 05:30 aldera, ukituak egin dizkiote taberna batean. Ertzaintza 49 urte gizonezko bat ikertzen ari da erasoaren egilea delakoan. Datorren astean utziko dute epailearen esku.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.