Oiartzunen 20 urteko mutil bat bortxatzen ahalegindu eta jipoitu egin dutela salatzeko elkarretaratze jendetsua egin dute gaur han, udalak deituta eta festetan geldialdi bat eginda. Doneztebe plazan batu dira. Erasoa herenegun eguerdian gertatu zen, eta Ertzaintzak pertsona bat atxilotu du, bortxaketa saioa egotzita.
Aiora Perez de San Romanek azaldu du erasoa gazteen lokal partikular batean gertatu zela. Barruan zegoen mutila bortxatzen saiatu zen pertsona bat, eta, lortu ez zuenez, jipoitu egin zuen. Erasoaren ondorioz, biktimak hainbat zauri izan zituen, eta ospitalean artatu behar izan zuten. Mutila dagoeneko etxean dagoela baieztatu du alkateak.