Askatasun sexualerako eta sexu indarkeriak desagerrarazteko lege proposamena aurkeztu du Unidos Podemos koalizioak, Espainiako Kongresuan. Besteak beste, sexu abusuak eta sexu erasoak batzea proposatu dute, era horretan "indarkeria erabiltzeko baldintza" desagertuko litzateke. Hala adierazi du koalizioko diputatu Angela Rodriguezek: "Indarkeria ez da beharrezkoa gure askatasun sexuala erasotzeko". Horregatik, "biktimaren baimen falta" ezarri nahi dute erdigunean: "Helburua delitua biktimaren jarreran zentratzea da, eta ez erasotzailearenean". Alicia Ramos diputatuak gehitu du ez dela zigortzeko lege bat, "biktima babesteko baizik". Izan ere, besteak beste, aurreikusten du biktimentzako laguntzak jaso ahal izateko salaketa jarri beharra ezabatzea.
Koalizioak azaldu du zigor kodearen erreformaren helburua ez dela epaileek ahoz emaniko baietza baloratzea, baietza gorputz lengoaiarekin, ekintzekin edo egoerarekin ere zehaztea baizik. "Biktimak negar egiten badu, parte hartu gabe geldirik geratzen bada, ez da baimenik egon", azaldu du Patricia Faraldok, proposamenean parte hartu duen aholkularietako batek.
Rodriguezek gehitu du "ikuspegi feministatik" eginiko proposamena dela, eta feminismoaren "hainbat eskaera historiko" betetzen dituela. Diputatuak adierazi du egun estatuak ez dituela emakumeak babesten, eta horretarako ezinbestekoak direla politika feministak: "Herritarren segurtasunaz eta gure askatasunez okupatuko gara". Beste hainbat puntu ere baditu lege proposamenak, besteak beste, kale jazarpena delitu arin gisa jotzea edo enpresei erantzukizuna ezartzea, euren langileen artean erasoak edo jazjarpenak daudenean.