Irabazik eta EH Bilduk, biek zituzten galderak gaur udal gobernuarentzat; jakin nahi zuten zer erantzun eman duen berriki hirian ezagun egin diren sexu erasoen kasuen inguruan: Kote Cabezudo argazkilariaren kontra abiatutakoa —ez da berria, orain bost urtekoa da auzibidea—, eta hiriko tatuatzaile baten aurkakoa. PSEko ordezkari Duñike Arrizabalagak emandako erantzunak ez direla aski izan esan dute, ordea, eta eledunen batzorde bat eskatuko dutela propio gaiaz aritzeko. "Oraintxe bertan egingo dugu eskaria", adierazi du EH Bilduko zinegotzi Naiara Sanpedrok.
Cabezudoren biktima izan diren emakumeen aldeko plataformako ordezkariak ere udalean izan dira gaur, eta adierazi dute udaletik inork ez duela jo beraiengana. Elkarretaratze bat egin dute justizia eskatzeko. Adierazi dute ulertzen dutela emakumeen "intimitatea" errespetatu beharra, baina plataforma bera, edo emakumeak ordezkatzen dituen abokatua, haiengana heltzeko bidea izan diatezkeela esan dute, baina ez duela udal gobernuak erabili. Abokatuak adierazi du hamasei emakumek ipini dituztela dagoeneko salaketak argazkilariaren kontra. Sona handiko profesionala izan zen hainbat urtean, bereziki modaren eta argazki erotikoen arloan jardundakoa. Abusuak egozten dizkiote, tartean adingabeei egindakoak; argazkilien erabilera okerra ere leporatzen diote, beste hainbat delituren artean.