Indarkeria matxista

Sexu erasoen kontrako gaueko manifestazioak talka egin du Gaztelubide elkartearen kantaldiarekin

Donostiako Piratek giza katea egin dute azken sexu erasoak salatzeko, Flamenka jaigunean. Ondoren, herritar talde batek manifestazio zaratatsua egin du Parte Zaharrean. Tentsio uneak izan dira Gaztelubide elkartearen parean.

2019ko abuztuaren 15a
16:43
Entzun

Donostiako Piratek 11 erasoren berri izan zuten atzo 24 orduan. Horren aurka, jaiguneak itxi eta egun osoko egitaraua bertan behera uztea erabaki zuten goizean. Arratsaldean, milaka herritar mobilizatu ziren Donostiako Piratek eta mugimendu feministak antolatu zuten manifestazioan. Gauean, piraten kofradia guztietako kideek giza katea egin zuten Flamenka eta Kaimingaintxo jaiguneen inguruan, piraten gunea espazio segurua izan dadila aldarrikatzeko.

Giza katearen ondoren, herritar talde batek manifestazio zaratatsua egitea erabaki zuen Parte Zaharreko kaleetan barrena. Mobilizazio jendetsua izan da. Gaztelubide elkartearen parera iritsi denean, manifestazioak talka egin du elkarteak abuztuaren 14ko gauerdian egin ohi duen Festara kantaldiarekin. Eneko Goia Donostiako alkatea emanaldia ikusten ari zelako joan zen protesta hara. Piratek eta mugimendu feministak izan diren sexu erasoei aurre egiteko "erantzukizuna" hartzeko eskatua zioten udalari arratsaldeko manifestazioan. Gaztelubide elkarteak ez ditu emakumeak onartzen bere bazkideen artean, eta elkartearen lokalerako sarrera mugatua dute.

Gaztelubide elkartekoak kantuan ari zirela, zenbait ikuslek manifestarien jarrera arbuiatu dute, eta tentsio uneak izan dira.

Gaztelubide elkartearen ekitaldia amaitu denean, manifestazioak aurrera egin du. Parte Zaharreko Ikatz eta Fermin Calbeton kaleak igaro ditu, jai giroan jende gehien biltzen dituzten guneak baitira horiek. Elkartasunez, hainbat tabernak manifestazioarekin bat egin dute, eta tabernak itxi dituzte.

Zuzenketa: Albistearen aurreko bertsio batean argitaratu dugu Eneko Goia alkatea Gaztelubide elkarteko kidea dela, baina ez da elkarte horretako kide. Era berean, argitaratu dugu han afaltzen ari zela zioen informazioa zabaldu zela. Alkatea ez zen elkartean afaltzen izan. Kantu emanaldia ikusten izan zen elkartearen kanpoaldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.