Sexu indarkeria

Sexu erasotzaileei terapia emango diete Iruñeko espetxean

Bederatzi presoren artean aukeratzen ari dira egitasmoan parte hartuko dutenak. 2022aren amaierara arte iraungo dute saioek. Presoa bitartean kalera aterako balitz, terapeutarekin harremanetan jarraituko luke, «zailtasunak» edukiz gero.

Iruñeko espetxeko kanpoko aldea. VILLAR LÓPEZ / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko apirilaren 15a
14:22
Entzun

Nafarroan, azken urteotan, hainbat preso ari dira Sexu Oldarkortasuna Kontrolatzeko Egitasmoaren barruan terapia saioak egiten: oraintxe bertan, sei. Orain arte, kartzelatik kanpo egin dituzte saiook, baina, aurrerantzean, espetxean bertan egingo dute terapia, Nafarroako Gobernuak gaur jakinarazi duenez.

Gobernuak berak ordainduko du egitasmoa, eta Auzi Psikologia Institutuko langileek egingo dute.

Lehen aldiz egingo da halako egitasmo bat espetxe txiki batean. Orain arte, halakoetan parte hartu nahi izan duten presoak kartzela handiagoetara eraman izan dituzte. «Helburu nagusia zigorturikoak berriz gizarteratzea da», Nafarroako Gobernuak adierazi duenez.

Bederatzi hautagai

Adierazi dutenez, Iruñeko espetxeko bederatzi preso daude aukeratuta tratamendua jasotzeko. Espetxeko Tratamendu Batzordeak berak hautatu ditu, zenbait irizpideren arabera: besteak beste, presoak parte hartzeko adierazitako prestasuna eta zigorraren zenbat denbora bete duten dagoeneko. Horrez gain, egindakoa zenbateraino aitortzen duten aztertuko dute.

Bederatzi horien artean, egitasmoaren kudeatzaileek azken aukeraketa bat egingo dute. Lehen fasera pasatzen direnek banakako terapia egingo dute. Gero, berriz aztertuko dituzte, talde terapiaren fasera pasatzen ote diren erabakitzeko. Azken fasean, berriz jasoko dute banakako terapia.

Apirilaren 1ean hasi zen egitasmoa. Abuztuaren 31ra arte, hamar bat saio egingo dituzte parte hartzaileek. Bigarren fasea, talde lanarena, irailaren 1ean hasiko da, eta datorren urteko ekainera arte iraungo du.

Presoa, bitartean, hirugarren gradua jasota kalera ateratzen bada, nola moldatzen den aztertuko dute, eta, Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, «erreferentziazko terapeutarekiko lotura gordeko litzateke, terapia egiten ari den pertsonak eskura eduki dezan, zailtasunak baldin baditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.