Sexu esplotazioaren biktima izan direnentzako "larrialdiko egoitza" bat lortzeko lanetan ari dira Emakunde eta instituzioak, gizarte langileekin batera. Hala iragarri du Izaskun Landaida zuzendariak.
Landaidak azaldu duenez, gaur egun gobernuz kanpoko erakundeek kudeatzen dituzte giza trafikoaren biktima izan diren edo bazterketa egoeran dauden emakumeentzako laguntzak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan arlo horretan lan egiten duen erakundeetako bat da Askabide. Hark azken hilabeteetan giza trafikoaren biktima izan diren bost emakumeri lagundu die.
Emakunderen asmoa da, baita ere, sexu esplotazioaren inguruko azterketa bat egitea. Baina ez soilik emakumeen beharrak ezagutzeko, baita bezeroen "parte hartze eta ezagutza" mailaren berri izateko ere, ondoren esplotazio mota horren aurkako estrategiak diseinatu ahal izateko. Txostena zuzenduko duena, berriz, Carmen Meneses izango da, Comillasko Unibertsitateko (Espainia) ikertzailea.
"Giza eskubideen halako urraketa larriaren aurrean ez dago formula magikorik. Lan egin behar dugu, elkarlanean, instituzioekin eta hirugarren sektoreko erakundeekin", adierazi du Landaidak.