Sexu jazarpenak, zigorrik ez

Sexu jazarpena zigortzen zuen legea indargabetu egin du Frantziako Konstituzio Kontseiluak, presidentetzarako hauteskundeak egin baino bi egun lehenago. Erabakiak haserrea piztu du.

Talde feministek Baionako herriko etxearen aitzinean salatu dute lege falta. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Lege hutsune larria eragin du Frantziako Konstituzio Kontseiluak: gaur egun, sexu jazarpena ez da zigortzen Frantzian eta Ipar Euskal Herrian. Legea indargabetu egin du, eta ez du babesik jarri beste arau bat egin bitartean. Dozenaka urtez emazteen eskubideen aldeko borroka egin duten taldeak haserre gorrian daude. Joan den asteazkenean elkarretaratze bat egin zuten Baionan egoera hori salatzeko, eta borondate irmoa adierazi dute sexu jazarpena zigortuko duen lege bat lortu arte mobilizazioari eta presioari ekiteko.

Frantziako Konstituzio Kontseiluaren erabakiak gaitzespen zabala jaso du. Nabarmena da hori protestetan parte hartu duten elkarte, alderdi eta eragileei begiratuta. Planning Familial, Euskal Herriko Emazteen Kolektiboa, Bortizkeria Sexisten Aurkako Kolektiboa, Emazteek Diote, PAF, SOS Homofobia, Bizi, CGT, LAB, Ezkerreko Frontea, NPA eta EHBai; horiek deitu zuten Baionako elkarretaratzera. PSko eta Berdeetako kideak ere han izan ziren.

«Indarrean zegoen legea laburra, eskasa eta zehaztasunik gabekoa zen, eta hogei urtez iraun du horrela; ez dute pentsatu aldatzea Valerie Giscard d'Estaing presidente ohiaren ministro bat jazarpenagatik auzipetu duten arte», erran du Anuntxi Arana Bortizkeria Sexisten Aurkako Kolektiboko kideak. Uste du adierazgarria dela lege hori presidentetzarako hauteskundeak baino bi egun lehenago baliogabetzea. Erabakiaren ondotik, sexu jazarpena ez da delitua, lege berri bat onartu arte. Biktimekiko mespretxua erakusten du horrek, Michele Berthier Planning Familial taldeko presidentearen iritzian.

Beste lege bat egin arte behin-behineko neurriak hartzeko eskatu dute feministek. Erasotzaileak zigorrik gabe ez gelditzea galdegin dute, eta gobernu berriari eskatu diote larrialdiko lege bat onar dezala, feministen aldarriak barneratuta.

Emakumeak, arriskuan

Orain arte indarrean zegoen lege «urria» deuseztatuta sexu jazarpenak ez duela zigorrik deitoratu du Martine Bissauta Baionako Emazteen Behatokiko arduradunak: «Legerik ezean, ez dago sexu jazarpenik juridikoki, eta delitu horiek zigorrik gabe gelditzen dira», dio Bissautak. François Hollande Frantziako presidente berriak jakinarazi du aurki lege bat osatuko duela. Alta, bitartean ez dago deus. Bissautak gaineratu du lege falta ezin dela onartu. Salaketak jartzen jarraitzeko eskatu die erasoak pairatzen dituzten emazteei.

Ahal bezain laster ihardukitzeko eskatu dio Colette Capdevielle PSko diputatugai eta abokatuak Hollande presidenteari. Konstituzio Kontseiluak biktimen axolarik gabe ebatzi duela nabarmendu du. Gogoan hartuta Hollanden gobernuan Emazteen Eskubideen Ministerioa sortu dela, Capdeviellek eskatu du lege proposamen bat egiteko ahalik eta lasterrena.

Eskubideen zangopilatzea salatu du Laurence Hardouin EHBaiko hautagai eta abokatuak: jazarpena salatu duten emazteak «murruaren kontra» daudela ohartarazi du. «Larrialdi egoera bat da, eta legegileek arduraz jokatu behar dute, arazo horri berehala ihardukiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.