Ezinduak eta sexu harremanak

Sexua eta laguntza

Sexu laguntzaileen gaiak eztabaida sortzen du, eta erantzunak oso desberdinak dira; herrialde batzuetan horien jarduna guztiz normalizatuta dago, eta beste batzuetan, ordea, prostituzioarekin parekatzen dute.

gotzon hermosilla
2013ko uztailaren 21a
16:22
Entzun

Shingo Sakatsumek soziologia ikasi zuen Tokioko Unibertsitatean. Ikasketak amaitu eta segituan hasi zen gizarte langintzan, adinekoekin eta ezintasunak dituzten pertsonekin. Laster ikusi zuen horietako askori bakardadea eta harremanik eza nahierara mugitzeko ezgaitasuna bezain mingarri suertatzen zitzaizkiela. Eta espero ez zuen beste errealitate batekin egin zuen topo: elbarritasun larria duten lagunek ere, gainerakoek bezala, badituzte ase beharreko desira eta sexu gurariak.

Horretaz luze hausnartuta, irabazi asmorik gabeko erakunde bat sortu zuen 2008an, White Hands (Esku Zuriak). Horren helburua: ezintasun handiak dituzten pertsonen sexu beharrak kudeatzea eta, ahal den neurrian, asetzea. Baina sexua, oraindik ere, gai deserosoa da gizarte gehienetan, eta Japoniakoak bereziki oso harreman korapilatsua izan ohi du sexuarekin zerikusia duten kontu guztiekin. Horren ondorioz, Sakatsumek zuzentzen duen elkarteak arazo ugari izan ditu legearekin, eta polizien bisitaldiak ere pairatu dituzte noiz edo noiz; esaterako, elbarrien zaintzaile aritu nahi zutenentzat arlo teorikoa eta ariketa praktikoak uztartzen zituen ikastaroa antolatu zutenean, hura "sexu jardueretan trebatzeko barnetegia" zela iritzita.

White Hands erakundea ezagun bilakatu da, eta horren ospeak Japoniako mugak gainditu ditu, batez ere, Vice aldizkariaren Japoniako edizioak Medical Sex Worker izeneko bideoa ikusgai jarri zuenetik bere webgunean.

Eiakulatzen lagundu

Bideo horretan ikusten da nola elkarteko langile batek eiakulatzen laguntzen dion garuneko perlesiak jotako pertsona bati, eta langile horren adierazpen, gogoeta eta iritziak ere jasotzen ditu erreportajeak. Oso denbora laburrean —joan den maiatzaren 31n jarri zuten ikusgai— Vice aldizkariaren bideoen artean gehien ikusitako bat bilakatu da, eta 1.190.000 bisita inguru izan ditu.

White Hands elkartearen inguruko bideo eta informazioek agerian utzi dute Japonian ez ezik, munduko beste herrialde askotan ere bizi-bizirik dagoen eztabaida: sexu laguntzarena. Zenbait lekutan, araututako eta legez babestutako laguntza mota da. Beste batzuetan, berriz, prostituzioarekin parekatzen dute jarduera hori eta, beraz, prostituzioaren tratu berdina izaten du, zigor, jazarpen eta debekuak barne. Baina herrialderik gehienetan, ez ikusiarena egitea izaten da jarrerarik ohikoena. Gaia deserosoa da, gizartean errotuta dauden tabu asko ezbaian jartzen dituelako, eta, hortaz, badirudi arazoa existituko ez balitz bezala jokatzea dela normalena.

Sexu laguntza prozesu bat da, eta horren helburua da horretarako oztopoak dituzten pertsonak norbere sexualitatearen jabe egitea eta arlo hori normal eta atseginez bizitzen irakastea. Plazera bilatzeko bide horretan, profesionalak laguntzen dio elbarriari, baita fisikoki lagundu ere, beste profesional batek jaten edo garbitzen laguntzen dion bezalaxe. Baina, normalean, laguntza hori prozesu orokorrago baten barruan gertatzen da, eta ez da bakarrik elbarriari orgasmora iristen laguntzea.

Alemanian, Suitzan, Herbehereetan eta Danimarkan, sexu laguntzaileen jarduera legez arautua dago. Horretan aritzen direnek psikologia, gizarte laguntza eta elbarritasunei buruzko ikasketak egiten dituzte, eta, horretaz gain, masaje terapeutiko eta masturbazio tekniken inguruko ikastaroak egiten dituzte. Suitzan, sexu laguntzaile batek ehun euro inguru irabazten du orduko.

Italian, Europako beste zenbait herrialdetan bezala, legeriak ez du sexu laguntzaren inguruko aipamenik jasotzen. Beraz, arautu gabeko jarduera da. Baina elkarte batzuek kanpaina abiarazi dute hori aldatzeko. Garuneko gaixotasun arraro bat duen gazte baten amak piztu zuen metxa joan den ekainean: "Italian oraindik pentsatzen dugu ezintasunak dituen pertsona ez dela pertsona. Ez dugu begirune nahikorik pentsatzeko ezintasun horien atzean badagoela pertsona bat, eta horren beharrak errespetatu egin behar direla", adierazi zion Il Fatto Quotidiano egunkariari.

Deialdi horren ostean, beste pertsona eta elkarte batzuek jaso dute lekukoa, sinadura bilketari ekin diote, eta Italiako Parlamentuari eskatu diote auzi honen inguruko legea egiteko. "Horretarako beren-beregi prestaturiko jendeaz ari gara", adierazi du Maximiliano Ulivieri kanpainaren sustatzaileak, "eta ezintasun larriak dituzten pertsonentzat, askatasunez mugitzeko edo norbere gorputza aurkitzeko gauza ez direnentzat".

AEB Ameriketako Estatu Batuetan, beste hainbat lekutan bezala, sexu laguntza ez da ofizialki existitzen, eta legerian ez da ezer adierazten horren inguruan, baina eztabaida gizartean dago, batez ere, 2012an The Sessions filma estreinatu zutenetik. Ben Lewinek zuzendutako pelikula hori Mark O'Brien poeta eta kazetari ezinduaren bizitzan oinarriturik dago, eta kontatzen du nola altzairuzko birikari loturiko pertsona batek kontaktua egiten duen sexu laguntzaile batekin lehenengo sexu harremana izateko. Filmak arrakasta handia izan zuen: Donostiako Zinemaldian ikusleen saria jaso zuen, eta Helen Hunt aktorea Oscar saria jasotzeko hautagaia izan zen pelikula horretan egindako lanagatik. Baina, sariak sari, beste ondorio bat izan zuen filmaren arrakastak: sexu laguntzaileen inguruko eztabaida AEBetako gizartearen plazara, eta beste zenbait lekutara ere, ateratzea.

Urruti

Eta Euskal Herrian? Frantziako eta Espainiako legeriek, beste zenbait herrialdetakoak bezalaxe, ez dute ezer jasotzen gai horren inguruan. Baina eztabaida, egon, badago, erritmoak oso desberdinak diren arren. Frantziako legeria aldatzeko saiakerak askoz garatuago daude. APF Frantziako Elbarrien Elkarteak kanpaina bat bultzatu zuen eta sinadurak biltzeari ere ekin zion, sexu laguntzaileei estatus juridikoa emateko eskatzeko. Horrek eztabaida handia sortu zuen, eta gaia hainbat hilabetez egon zen hedabideetan, baina, aurten, Aholku Nazio Batzorde Etikoak ezezkoa eman dio proposamenari, "gehiegikeriei bide emateko arriskua" zegoela iritzita.

Horrek, baina, ez du eztabaida apaldu, eta badirudi administrazioan lehenengo arrakalak sortu direla. Jerome Guedj PSF Frantziako Alderdi Sozialistako diputatu eta Essoneko departamenduko Kontseilu Nagusiko presidenteak iragarri du ahaleginak egingo dituela bere departamenduan Frantziako sexu laguntzarako lehen zerbitzua antolatzeko, Batzorde Etikoaren gomendioei muzin eginez. Joan den martxoan zenbait hedabidetan egindako adierazpenen arabera, zerbitzua doakoa izango litzateke eta boluntarioek eskainiko lukete.

Espainiako legeria aldatzeko ahaleginei dagokienez, gauzak askoz atzeratuago daude. Elkarte batzuk saiatu dira horren inguruko kontzientzia hedatzen, esaterako, Bartzelonako Sex Assistent elkartea (Katalunia), baina badirudi ahalegin guztiek isiltasunezko hesi batekin egiten dutela topo.

Bi estatuetako legerian egin beharreko aldaketak urruti ikusten dituzte oraindik Euskal Herrian sexu laguntzaileen jarduera arautzearen alde dauden elkarte eta profesionalek. Oraingoz, gaia mahai gainean jarri izan dute zenbait jardunaldi eta hitzalditan. Baina bide luzea gelditzen da gizartean horren inguruko benetako eztabaida piztu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.