Iruñeko 3. instrukzio epaitegiko buru Mari Paz Benito epaileak agindua eman du Simon Santamaria Iruñeko udaltzainburu ohiaren aurka ahozko epaiketa abiatzeko.
Santamariak, hala ere, helegitea aurkeztu du instrukzio epailearen auto judizialaren kontra eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi beharko du auzia artxibatzen duen ala epaiketa egitea ahalbidetzen duen.
Udaltzainen buruan eginiko urteetan, sindikatuek eta udaltzainek beraiek behin baino gehiagotan kritikatu dute haren jarduteko modua. Hain justu, sindikatu batek jarritako salaketa bat dela-eta inputatu dute Santamaria eta, harekin batera, haren gertuko beste lau udaltzain. Udaltzaingoaren "militarizazioa" egotzi izan diote talde politikoek.
Yolanda Barcinaren konfiantzazko kargua izan zen Santamaria, 1999an udaltzainburu izendatu zutenetik aurtengo urtarrilean kargugabetu zuten arte. Yolanda Barcina alkate zela, iritsi zen udalera Santamaria, eta Maiak kargua berretsi zuen 2011n, oposizioaren iritziaren aurka. Alfonso Fernandez Torresek hartu zuen Santamariaren lekukoa Iruñeko Udaltzaingoaren buruzagi gisa.