Mila sinadura baino gehiago bildu dituzte, eta horiek Donostiako 2. Instrukzio Auzitegiari helarazi nahi dizkiote. Bilketaren antolatzaileek azaldu dute gertakariak ikertzeari uko egitea "zigorgabetasuna bermatzea" eta nazioarteko zenbait arauren aurkakoa dela: "Antza, ez dute nahi ez egia jakitea ezta gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak izatea".
1984ko ekainean, epaileak itxi egin zuen auzia behin behinean, delitu frogarik ez zegoela argudiatuta. 2005ean zabaldu zuen berriz auzia Donostiako Lurralde Auzitegiak. 2009az geroztik "erresistentzia" jarrera azaldu du auzitegiak, sinadura bilketa abiatu dutenen arabera, eta duela bi aste jakinarazi zien senideei auzia artxibatuko duela.
1984ko martxoaren 22an Rosa Jimeno oriotarra komandokideekin Pasaiako badian hitzordua egitera behartu zuten, torturapean. Lapurditik itsasoz iritsi zirenean tiroka hartu zituen Espainiako Poliziak, eta ontzian zetozen bost lagunetatik lau hil zituzten. Joseba Merino bostgarren komandokidea izan zen bizirik atera zen bakarra. Hark behin baino gehiagotan agertu du nahita utzi zutela bizirik, Enrique Casas senadore sozialistaren heriotzarekin lotzen zutelako.