Indarkeria matxista

Sinadurak biltzen hasi dira C. Tangana Bilboko jaien egitarautik kentzeko

Gaur hasi dira sinadurak biltzen. Eskaera horretan, Bilboko Udalak rap kantaria kontrata ez dezan galdegin dute, haren kantuek matxismoa sustatzen dutela iritzita. Bilboko Udala haren parte hartzea planteatzen ari da berriro.

C. Tangana rap kantaria. WIKIPEDIA
Nagore Arin.
2019ko abuztuaren 8a
22:05
Entzun

Gero eta egun gutxiago falta dira Bilboko Aste Nagusia hasteko. Iritsi bitartean, ordea, jai giroa lausotu du Bilboko Udalak C. Tangana rap kantaria kontratatu izanak. Hautsak harrotu ditu gertakariak, eta rap kantariak Bilboko Aste Nagusian jotzearen aurkako sinadurak biltzen hasiak dira sare sozialetan. Eskaera horretan, kontzertu hori jaien egitarautik ken dezan galdegin diote Bilboko Udalari, haren kantuak "matxistak, patriarkalak eta emakumeekiko mespretxuzkoak" direla iritzita.

Minutuak pasatu ahala, gorantz doa sinatzaile kopurua. Adibide modura, haren kantuen zenbait esaldi jarri dituzte argitalpenean: "Zure puta betetzen dut goraino, isilik edukitzen dut eta makurtuta", "aintza horrela hezi zintuen putari", edo "nik zuri min egin, eta zuk orduan ni maitatu". Hala, Bilboko Udalak C. Tangana ez kontratatzeko eskatu dute sinatzaileek, horrelako eduki iraingarriak hedatzeagatik eta "emakumeekiko errespetuagatik".

Sinadura bilketaren harira, adierazpenak egin ditu Itziar Urtasun Bilboko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak. Adierazpen horietan, rap kantariak Aste Nagusian egin beharreko jarduna bertan behera gelditu daitekeela ziurtatu du. Sare sozialetan pil-pilean dabilen ekinaldi ezaguna egin ondoren egin ditu adierazpenak zinegotziak. Izenpeez gain, udaletxeak ere kexak bildu dituela aitortu du, eta horren inguruan lanean ari direla. Gaur goizean bildu dira C. Tanganaren ordezkariarekin, eta adierazi duenaren arabera, "egitarautik kanpo gelditu daiteke".

Era berean, rap kantariaren parte hartzea gaitzetsi du Bilboko Elkarrekin Podemos alderdiak. "Bortxaketaren kultura sustatzen" duten abeslariak ez kontratatzea galdegin dio Bilboko Udalari. Halaber, adieazi dute haiei ez diela inork ezer galdetu horren inguruan, eta musika taldeen aukeraketa Jaietako Batzorde Mistoak egin beharko lukeela. "Adierazpen askatasuna defendatzen dugun arren, irmoki gaitzesten ditugu lotsagabeki matxistak, sexistak, homofoboak eta arrazistak diren kantuak", gaineratu du Xabier Jimenez alderdiko zinegotziak.

Bilboko EH Bilduk ere bat egin du sinadura bilketaren xedearekin. Mugimendu feministak eginiko adierazpenekin bat egin dute, eta positibotzat jo dute Bilboko Udala C. Tangana rap kantariaren parte hartzea planteatzen egotea. Hain justu, EH Bilduk planteaturiko neurri batzuk ekarri ditu gogora. Neurri horien arabera, "ezinbestekoa da mezu, irudi edo hizkuntza sexista ez erabiltzea", eta C. Tanganaren kantuek, hain justu, ez dute neurri hori betetzen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.