COVID-19a gainditzeko estrategiak diseinatzerakoan haurrak ahaztu dituztela salatu du Haurrak Ere Bai familien sareak. «Adingabeentzako baimenak eta helduenak berdinak izatea nahi dugu». Horretarako, sinadura bilketa bat abiatu dute Change.orgplataforman. Bereziki, 14 urte arteko haurren egoera aipatu dute; izan ere, egunean ordubetez ateratzeko baimena soilik daukate.
Azaldu dutenez, ez daude ados eta «kezkatuta» daude familiak jasotzen ari diren tratuarekin, eta haurren eskubideak urratzen ari direla erantsi dute. «Legeak izapidetzean, haurrak eta nerabeak euren behar eta ezaugarri propioekin kontuan hartzea eta aipatuak izatea eskatzen dugu», zehaztu dute. Aldi berean, «desinformazioa» ere salatu dute, eta ohartarazi «eskubide urraketa» horiek horrela izaten ari direla eta izango direla haurrak «eskubide osoko herritartzat» hartzen ez diren bitartean.