Sindikalismoa euskalduntzeko

'1.067 hitz sindikalismorako' glosarioa aurkeztu du ELA sindikatuak, lan esparruan euskararen erabilera sustatzeko asmoarekin; militanteentzat ez ezik, herritar guztientzat da, eta webgunean jarriko dute.

Iñaki Lasa Etura.
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Euskara egonkortu nahi du ELAk, lan munduan oro har eta batez ere sindikalismoan. Sindikatuko kideek badakite eremu horiek euskaldundu ezean euskararen normalizazioak aurrera egiteko zailtasunak izango dituela. Horregatik, 1.067 hitz sindikalismorako glosarioa aurkeztu dute.

Euskararekiko duen konpromisoa indartu nahi du ELAk. «Presentzia handiagoa» izan dezan argitalpenetan euskarari «lehentasuna» ematen diotela azaldu du Joxe Angel Ulazia sindikatuko euskara batzordeko kideak. Leire Txakartegi ELAko batzorde eragileko euskara arduradunak azaldu duenez, «lan mundua euskalduntzeko erantzukizuna» dauka sindikatuak. Azken urteetan euskararako barne plangintza dutela jakinarazi du: «Badakigu lan mundua euskalduntzeko etxe barrutik hasi behar dugula eta akuilu lana egin behar dugula».

Horren haritik, orain arte sindikatuak euskalgintzaren alde emandako pausoei heldu die glosarioak. Iraganera soilik ez, etorkizunera begira egindako lana ere badela nabarmendu du Txakartegik; hemendik aurrera sindikatuko beharginek tresna aproposa izango dutelako euskara beren egunerokotasunean erabiltzeko. «Izaera praktikoa eman nahi diogu. Hau agian ez da hiztegi bat, baina gure eguneroko lanean erabiltzen ditugun hitzak dira».

Argitaratze eguna ez dute halabeharrez aukeratu, Euskararen Egunaren atarian argitaratu baitute. Ulaziak azaldu duenez, sindikatuaren 100. urteurrenean beren ekarpena egin nahi izan dute. Ekarri hori sindikalismoaren esparruan egitea erabaki dute, «ekintza sindikala euskaraz egin ahal izateko» hitz zerrenda bat bilduta.

Euskararen erabilerak sindikalismoaren zenbait arlotan sor ditzakeen zalantzak argitzeko helburuarekin sortu dute; horien inguruko terminologiarekin. Lana «xumea» baina «txukuna» da, Ulaziagaren aburuz. Herritarrentzat «baliagarria» izango dela uste du.

Orain dela urtebete inguru hasi zuten glosarioa aurrera ateratzeko lana. ELAko Euskara Batzordeak hiztegia egiteko lantalde bat sortu zuen, eta multzo horrek hartu zuen hura gauzatzeko erantzukizuna. Hasierako ideiak mahai gainean jarri ondoren, sartu beharreko terminoak adosten eta zehazten jardun ziren hamabi hilabetez. Glosarioa argitaratu aurretik, azken orrazketa terminologo profesional batek egin du, ahal duen zuzentasun handiena bermatzeko. 94 orritan bildu dituzte euskara lantaldeak jasotako 1.067 terminoak.

Inprimaturiko aleak sindikatuko militante eta afiliatu guztien artean banatzen hasi dira dagoeneko. Gehienbat sindikalismo lanetan ari direnentzako kontsulta lana izan arren, Txakartegik azaldu du «langile ororentzako eta herritar guztientzako» ekarpena dela. Hori dela eta, glosarioa sindikatuaren webgunean—www.ela-sindikatua.org— jarriko dute, kontsultak egin nahi dituenak eskuragarri izan dezan.

Sindikalismoko bakarra

ELAk sindikalismoaren inguruan egin duen lehen glosarioa den arren, badu aurrekari bat sindikatuan bertan. 1976an, Eibarren (Gipuzkoa), III. Kongresua egin zutenean, 30 hitz inguru biltzen zituen zerrenda bat onartu zuten. Orain dela hiru hamarkadako lana oraingoarekin erkatu dute liburuaren hitzaurrean, glosarioa egiteko baliagarria izan zelako. Horrez gain, orain dela hainbat urte, Manuel Robles Arangiz ELAko sortzaileak ere euskararen erabileran zegoen «gabezia» nabarmendu zuen bere garaian idatzi zituen zenbait idatzitan.

ELAtik kanpo ere izan dira lan munduarekin lotura duten hiztegiak. Dena den, Ulaziak adierazi du horiek orokorragoak edo beste arlo batzuetan espezializatutakoak direla. Orain dela hamar bat urte, enpresaburuek euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez idatzitako liburuxka orokor bat argitaratu zuen. Kooperatibek eta enpresek ere hainbat hiztegi erabili dituzte historian, Luis Mari Mujika Urdangarinen Hiztegi Orokor Teknikoa kasu. Baina horiek tresneria eta makinen zatiak industrializazio garaian euskaraz nola esaten ziren jakiteko erabiltzen dira gehienbat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.