Sindikatu profesionalek Osakidetza «gainbeheran» dagoela abisatu dute

Kalitatea bermatzeaz baino gehiago «hedabideetan agertzeaz» arduratzea egotzi diote Bengoaren taldeari

Erizain eta sendagileen sindikatuetako ordezkariak, atzo, Bilbon egindako agerraldian. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
«Arazoak». «Antolaketa eza». «Murrizketak». «Artagabekeria». «Atzerapenak»... Osakidetzako sindikatu profesionalek atzo hedabideen aurrean aurkeztutako prentsa oharrak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasungintza publikoaren deskripzio arrunt kezkagarria egiten du. «Gure osasungintza gainbeheran dago», salatu dute. SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuak, SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak eta FFHE Euskadiko Erietxeetako Medikuen Federazioak aho batez plazaratutako ohartarazpena da. «Asaldagarria».

Irmo kritikatu dute Rafael Bengoa Osasun sailburuak eta haren taldeak aurrera daramaten politika. Osasun Sailaren buruzagitza beren gain hartu zutenetik kudeaketa modu berritzailea agindu zutela gogora ekarri dute, bereziki eri kronikoentzako programak xede hartuta. Baina jarduera antzua egotzi diete. «Iragarritako aldaketak ez ditugu ikusi; oraindik ere teoria hutsa diren susmoa dugu», azaldu dute. Gainera, aldaketa horiek Eusko Jaurlaritzak «aitzindari» gisara aurkeztu bazituen ere errealitatea oso bestelakoa dela adierazi dute. «Ohiko estrategiak dira beste hainbat herrialdetan».

Krisiaren itzala

Geroan martxan jarri asmo diren jarduerak oinarri hartuta, «egunean eguneko jardueran artagabekeria» nagusitu dela salatu dute sindikatuek. Osakidetzako arduradunek «krisi ekonomikoari» aurre egitea lehentasun bihurtu dutela uste dute mediku eta erizainek, eta murrizketak aski nabarmenak direla. Arazo kopuru luzea zerrendatu dute: kontratazioak urritu dira, trebakuntza saioetan jarduteko aukerak gutxitu zaizkie profesionalei, osasun testak egiteko eta materiala lortzeko aukerak kaskartu dira, etengabeko arretarako osasun guneak itxi dira eta guardian jarduten duten profesionalak ere ez dira lehen bezain ugariak.

Biziki haserretu ditu horrek guztiak sindikatu profesionalak: «Ez dugu onartzen kudeaketa eredu hau, ez dugu geure egiten». Horregatik eskatu dute aldaketa. Bide horretan, Bengoak eta haren lan taldeak «hedabideetan agertzeko» egiten dituzten ahaleginak ere salatu dituzte. Izan ere, informazio egokia eman beharrean, egoeraren larritasuna estaltzeko «makillajea» erabiltzea egotzi diete. «Inolako lotsarik gabe ari dira».

Itxaron zerrendei buruzko datuak, esate baterako, «zeharka okertuta» aurkezten direla salatu dute, eta LEP Lan Eskaintza Publikoa egiteko asmoa mahai gainean jartzen dela behin eta berriro baina «atzerapenak» oso nabarmenak direla. «Oraindik, esaterako, ez da 2008ko LEPa bukatu. Aski argigarria da hori». Osakidetzak gaur egun publiko egiten dituen datuen «fidagarritasuna» auzitan jartzeko modukoa dela azaldu dute, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.