Sindikatuak Eitzagan bilduko dira Sololuze eta Beltran oroitzeko

Laneko Segurtasunaren Nazioarteko Egunaren karietara, sindikatuak dei egin diete langileei enpresa atarietan biltzeko. Zaldibarren, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran oroituko dituzte, Verter Recycling enpresaren zabortegian desagertuta dauden langileak. 

Hondeamakinak lanean Verter Recycling enpresaren zabortegian. ANDONI CANELLADA, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko apirilaren 27a
17:50
Entzun

Laneko Segurtasunaren Nazioarteko Eguna da bihar, eta ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek mobilizazioak eginen dituzte enpresa atarietan. Lan osasuna bermatu, bizitza defendatu izenpean minutu bateko isilunea egiteko eta eserialdiak egiteko eskatu dute. Lantoki atarietan ez ezik, Zaldibarko Eitzaga auzoko Verter Recycling enpresaren atean ere bilduko dira sindikatuak 11:15ean.

Eitzagan, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran oroituko dituzte Verter Recylingen zabortegiko atarian, otsailaren 6tik desagertuta dauden langileak. Otsailaren 6an amildu zen Verter Recycling enpresaren hondakindegia, eta orduan desagertu ziren Sololuze eta Beltran. Egunean bertan hasi ziren bi langileak bilatzeko lanetan, baina gorabehera asko izan dituzte. Besteak beste, luizi gehiago egoteko arriskuak, eremuan amiantoa aurkitu izanak eta hondakinek eragindako suteek lan egiteko modua aldatzera behartu zuten. Apirilaren 6an, Sololuzeren autoa aurkitu zuten, eta oraindik ere teknikariek lanean jarraitzen dute Zaldibarren, Sololuze eta Beltran ateratzeko.

Sindikatuek, gainera, lantoki eta etxeetan xingola beltz bat jartzeko deia egin dute, lanean hildako eta zauritutako langileak gogoratzeko. Enpresa atarietan egingo dituzte protestetan segurtasun tartea zaintzeko eskatu dute sindikatuek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.