Gizartea

Sindikatuak "gustura" osasun zentro publikoetako grebak izan duen erantzunarekin

ELA, LAB, UGT eta ESK sindikatuek deitu dute lanuztea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zentroetarako. Osakidetzak dio gaurko lanuztea %7koa baino ez dela izan. Aurreko greba otsailaren 21ean egin zuten.

2008ko martxoaren 6a
18:50
Entzun
ELA, LAB, UGT eta ESK sindikatuek gaurko ere egun osoko greba deitu dute Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko osasun zentro publikoetarako, eta eguerdian "gustura" azaldu dira lanuzteak izandako jarraipenarekin. CCOOk aste honetan esan du ez zuela greba babestuko eta atzo gauza bera zioen SAEk; aurretik SATSE eta UTESEk ere esan zuten horixe.

Osakidetzak, aldiz, gaur esan du osasun zentroetan "normaltasun osoz" ari direla lanean. "Lanuztea %7,16koa baino ez da, aurrekoaren erdia (%15)". Anbulategietan greba %10koa izan da, Osakidetzaren arabera, eta zentro espezializatuetan %6,3koa. Hark esan duenez, goizean Araban %8,4koa izan da lanuzte jarraipena, Bizkaian %6,77koa eta Gipuzkoan %7,18koa.

Langileen %60 ordezkatzen dute ELA, LAB, UGT eta ESK-k, eta manifestazioak ere egin dituzte gaur Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Bilbokoa Arriaga plazatik abiatu da, Gasteizkoa Bilboko plazatik eta Donostiakoa Hernani kaletik.

Gaur gutxieneko zerbitzuak larunbat eta jai egunetakoak bezalakoak dira erietxe eta osasun etxeetan. Halaber, aldez aurretik finkatutako dialisi eta onkologia tratamenduak ohi bezala jasoko dituzte gaixoek.

Lan gaztaka osasun sektoreko "funtsezko arazoak erabat konpondu arte" luzatuko dela nabarmendu dute sindikatuek. Gainera, negoziatzen jarraitzeko duten borondatea berretsi dute. Horretarako, osasun sektoreak dituen arazoak konpontzea ahalbidetuko duten proposamenak egitea eskatu diote Osakidetzari, eta mahai sektorialaren bilera deitzeko. Lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetu nahi dituzte sindikatuek.

Gainontzeko sindikatuen jarrera ere kritikatu dute. "Ez dugu ulertzen nola hainbat sindikatuk grebarekin bat ez egiteko arrazoi gisa Osakidetzak duen negoziatzeko jarrera azpimarratzea, eta gero Osakidetzak egiten duen eskaintza ez dela nahikoa esatea".

Lehen desadostasunak

Aurreko greba egunean -otsailaren 21ean- agertu ziren lehen desadostasunak sindikatuen artean. Otsailaren 19ko mahai sektorialean Osakidetzak eskaintza bat egin zuen, eta hori aztertzeko lanuztea atzeratzea proposatu zuten LABek, SATSEk, CCOOk eta UTESEk. Beste sindikatuek ez zuten hori onartu, eta SATSE eta UTESEk ez beste sindikatu guztiek greba egin zuten. CCOO izan zen batasun sindikala hausten hurrengoa. Haien ustez negoziatzeko unea da, eta "lasaitasuna" behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.