Hezkuntzan hirugarrenez greba dute gaur Nafarroan. Hilaren 22koa eta 29koa baino deialdi zabalagoa da, funtzio publikoko langile guztiak deitu baitituzte grebara ELA, LAB, CCOO eta CGT-Solidari sindikatuek. Murrizketen aurka eta kalitatezko zerbitzu publikoen alde egiten ari dira protestak.
Iruñeko manifestazioan milaka lagun bildu dira eguerdian, Hezkuntzan murrizketarik ez leloarekin. 19:00etan, Herri Ekimenak deituta, Nafarroako Gobernuaren egoitza inguratzeko giza katea egin dute, eta iluntzerako Nafarroako Kutxaren egoitza nagusiaren aurrean, elkarretaratze zaratatsura deitu du M-15 mugimenduak.
LAB sindikatuak egindako balorazioaren arabera, irakaskuntzan, administrazioan eta udal eremuan gehiengo oso zabal batek jarraitu du greba (%70etik gora). Nafarroa iparraldean jarraipen ia erabatekoa izan dela adierazi du sindikatuak, Iruñerrian ere oso zabala izan dela eta Erribera aldean mugatuagoa.
Imanol Pascual ELAko bozeramaileak salatu du UPNk PSNk eta PPk "enplegua suntsitzeko eta ongizate estatua desegiteko" asmoa dutela, eta kritikatu du Nafarroako Gobernua dela "langabezia gehiago" sortzen ari dena.
ESK sindikatuko Juan Antonio Iriartek esan du grebak jasotako babesa "izugarria" izan dela, eta horrek erakusten duela langile publikoak zerbitzu publikoen alde eta oinarrizko eskubideen alde daudela.
CCOO sindikatuko Javier Ibañez ere "oso pozik" agertu da jarraipenarekin.
Nafarroako Gobernuaren arabera, %32,63ko jarraipena
Nafarroako Gobernuak 11:45ean emandako datuen arabera, grebaren jarraipena %32,63koa da. Pasa den asteartekoak %31,8ko jarraipena izan zuen gobernuaren aburuz, eta %48,75eko babesa hilaren 22ko grebak.
Nafarroako Gobernuko langileen artean grebak %7,4ko babesa izan du, Hezkuntza Sailekoak aintzat hartu gabe, 15:00etako datuen arabera.
Doneztebeko San Miguel ikastetxeko hamabost irakasle itxialdian geratu ziren atzo arratsaldean, Nafarroako Gobernuaren murrizketekin ados ez daudela agertzeko. Ikastetxeko gurasoekin batzarra egin zuten.
Protestak EAEn ere
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bi orduko lanuzteak egin dituzte gaur langile publikoek 11:00etatik 13:00etara, LABek eta ESK-k deituta. Manifestazioak ere egin dituzte eguerdian.
LAB sindikatua pozik agertu da deialdiak izan duen babesarekin. Arantza Sarasola sindikatuko ordezkariak Bilbon egindako adierazpenetan esan du oraindik datu zehatzik izan gabe ere, "zentro batzuk geldiarazi" dituztela.
Mobilizazioetan guztira 4.000 lagunetik gora parte hartu dute, LABek ohar baten bidez jakinarazi duenez. "Balorazio positiboa egiten dugu, nahiz eta ziur egon ELA eta EILASek deialdiarekin aurrera egin izan balute Nafarroan lortu den besteko erantzuna lortuko genuela".
Eusko Jaurlaritzaren arabera, aldiz, bi orduko lanuzteak %1eko jarraipena izan du langileen artean, eta "erabateko normaltasuna" izan dela adierazi du.
Sektoreka, hezkuntzan jarraipena %2,16koa izan da, Justizia arloan %0,73koa, administrazio orokorrean %3,93koa eta gainerako langile publikoen artean %0,51koa.
Arratsalderako ELAk eta EILASek antolatu dituzte martxak. Elkarretaratzeak ere egin dituzte udaletxe, ospitale eta irakaskuntza zentroetan.