Sindikatuek diote osasun arloko grebaren jarraipena "oso garrantzitsua" izan dela, eta Osakidetzak %15,7koa izan dela

ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT, ESK eta SAEk deitu dute. SATSE eta UTESEk, aldiz, Osakidetzak eskaintza hobetu duela iritzi diote, eta ez dute bat egin lanuzte deialdiarekin, negoziazioak errazteko.

2008ko otsailaren 21a
18:18
Entzun
Gaur ere greba eguna izan dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun zentro publikoetako langileek, azken bi egunotan Osakidetzaren eta sindikatuen artean izaniko bilerek ez dutelako fruiturik eman eta akordiorik lortzera ez dira iritsi. ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT, ESK eta SAEk deitu dute greba eta, haien arabera, jarraipena "oso garrantzitsua" izaten ari da. Dena den, oraindik ez dute datu zehatzik eman.

Aldiz, Osakidetzaren arabera, jarraipena %15,7koa izaten ari da, aurrekoaren erdia (Osakidetzak zioen aurreko greban, urtarrilaren 29an, jarraipena %28,5ekoa izan zela); anbulategietan jarraipena gaur %20,8koa izaten ari dela dio Osakidetzak eta osasun zentro espezializatuetan %14,6koa. Sindikatuek esan dute zenbakien "gerran" ez direla sartuko.

UTESEk ez du erabakiarekin bat egin. Eta azken unean ezta SATSEk ere, Osakidetzak arratsaldean eginiko eskaintza berriaren ondorioz grebarekin bat ez egitea erabaki baitzuen iluntzean. Osakidetzak eskaintza hobetu duela iritzi diote biek.

ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT, ESK eta SAEk esan dute Jaurlaritzak "frankotiratzaile" moduan jokatzen ari dela, "langileak zatitu nahian bere eskaintzekin".

LABeko Txaro Markinezek BERRIAri azaldu zionez, berandu iritsi zen azken eskaintza mobilizazioak bertan behera uzteko. Hausnarketa sakona merezi du testu berriak Markinezen ustez, eta hala egingo du LABek bihartik aurrera. Negoziatzeko prest dagoela berretsi du.

Herenegun, proposamena egitearekin batera, greba deialdia bertan behera uzteko eskatu zien Osakidetzak sindikatuei, "negoziatzeko borondate onaren" erakusle gisa. Ordea, arratsaldeko eskaintza berria ezagutu aurretik, atzoko bileretan sindikatuen arteko "desadostasun bakarra" gaurko greba egunari eustea edo martxoaren 5era atzeratzea izan zen, UGTko ordezkari Arantza Agotek Radio Euskadin azaldu zuenez.

Osakidetzak, bestalde, akordioa aurki lortuko dutela sinetsita dagoela adierazi zuen atzo arratsaldean kaleratutako oharrean.

Sindikatuek ez dutela "sekula xantaiarik onartuko" adierazi zuen ELAk, eta negoziazio prozesu batean greba tresna zilegia dela gogoratu nahi izan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.