EITBko zuzendaritzak irratietako lantaldea murrizteko aukeratutako bidea enplegua erregulatzeko espediente bat izango dela azaldu die gaur langileen ordezkariei (ELA, ESK eta LAB).
ELAren aburuz, Eusko Irratiko zuzendaritzak planteatzen duen enplegu murrizketak zerikusi zuzena du iragan urtean EITBko administrazio kontseiluak aurkezturiko Enplegu Publikorako Eskaintzan jasotzen zen murrizketarekin. ELAren ustez, guztiz arbuiagarria da elkarte publiko batean lan erreforma erabiltzea "lanpostuen suntsiketa" ekarriko duen Enplegu Erregulazio Espediente bat aurkezteko.
LABek ere esan du ez duela onartzen erregulazio espedientea. "Hau ez da inondik inora prozesua hasi aurretik adostutako bidea. Ez dirudi lan erregulazio espedientea denik modu aproposena negoziazioari begira", adierazi du LABek. "Argi geratu da Andoni Ortuzarren garaietako utzikerien ondorioak oraindik ere pairatzen ari garela".
ESK sindikatuak, berriz, salatu du "Maite Iturbek, Odile Kruzetak eta beraien taldeak" hartutako erabakiak "ezeztatu" egiten dituela 2013ko otsailean Iñigo Urkullu lehendakariak EITBko enplegua mantentzearen alde egindako adierazpenak. Orduan, beste telebista eta irrati publikoetan egiten ari ziren murrizketen inguruan, lehendakariak esan zuen euskal irrati eta telebista publikoan ez zela inolako murrizketarik egingo. "Urte bat geroago, Independenteak-ESK-k zituen aurreikuspen beltzenak baieztetatu dira". Sindikatu horrek Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiaren dimisioa eskatu du.
EITBk, aldiz, ohar batean adierazi du kontratu amaierei buruzko jurisprudentzia berria aplikatuko duela enplegu deialdi publikoaren itxieran. Gorabeherak izan dira lan eskaintza publikoaren probetan, eta duela egun batzuk eman dituzte azkeneko emaitzak. "Lanpostua lortu duten lagunen zerrenda ezagutzearekin batera dator lantaldearen egokitzapena. Oposizioa gaindutu dutenek finkoak ez diren langile mugagabeak ordezkatuko dituzte", azaldu du EITBk. Bestetik, EITBk negoziaziorako epea zabalduko du lan deialdi publikoan postua lortu ez duten langileentzat neurri aringarriak hartzeko: "Enplegu deialdi publikoak Eusko Irratiaren eta, oro har, EITB talde osoaren jasangarritasuna ziurtatu nahi du, euskal gizarteak eskatzen duen zerbitzu publikoa eskaintzeko".
EH Bilduk salatu du erregulazio espedientearen inguruko erabakia EITBko zuzendaritzak, "Maite Iturbe buru", bere kabuz eta "ardura esklusiboan" hartu duela, "bestelako irtenbideak aztertzeko aukerarik eman gabe". Koalizioaren iritziz, bada garaia EITBko langile guztien egoera behar bezala erregulatzeko. Hori dela eta, EH Bilduk egiturazko lan zerrendari buruzko proposamena aurkezteko eskatu dio EITBko zuzendaritzari.