Gaur aurkeztu die Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Heziberri curriculum dekretua hezkuntza eragileei. Dekretuak ez ditu asebete sindikatuak, eta gogor kritikatu dute; LOMCE ezartzeko tresnatzat jo dute, EAEra egokituta. Hala, dekretua erretira dezala eskatu diote.
ELA eta Steilas sindikatuek ez dute parte hartu bileran. Haren ustez, dekretuak ez die erantzuten euskal hezkuntza sistemaren beharrei. "Wert ministroaren hezkuntza erreformari aurre egiteko ez baizik EAEn berau ezartzeko tresna" dela nabarmendu dute. Besteak beste, mailaz igarotzeko LOMCEk ezarritako "errebalidak" mantentzea eta irakaskuntzaren "ikuspegi merkantilista" bere horretan uztea salatu dute.
Bi sindikatu horien arabera, Hezkuntza Sailak ez du Heziberri dekretuaren prozesua era parte hartzailean bideratu. LABek ere bat egin du salaketa horrekin, eta "LOMCEk ezartzen dituen kontrol neurriak [errebalidak]" mantentzea gaitzetsi du.
Heziberriren edukiek LOMCEren edukiekin duten lotura azpimarratu du LABek. "Euskal Curriculuma garatu beharrean, proposatu duten curriculumean ez zaio modu zehatz, argi eta integral batean euskal kulturaren transmisioari ekarpenik egiten". Horregatik, egungo markoa "gainditu" eta euskal hezkuntza sistemaren alde urratsak egiteko garaia dela uste du.
Ikastolak, Heziberriren hirugarren fasearen zain
Ikastolen Elkarteak Hezkuntza Sailak egindako ahalegina "baloratu" du: "Bai hezkuntza eragileek egin ditugun ekarpenak kontuan hartu dituelako eta baita LOMCEk ezartzen dituen parametroetatik urruntzen ahalegindu delako ere". Hala ere, argi utzi nahi dute halako dekretuak ez direla ikastolek diseinatuko lituzketenak, haien hezkuntza ereduak oinarria eta ardatza euskal curriculumean dituelako.
Heziberri hezkuntza sistema propio baterako tresna izatea nahi du Ikastolen Elkarteak. Hala, Heziberriren hirugarren fasea, legeari dagokiona, interesgarria iruditzen zaie "euskal hezkuntza sistema erregulatuko duen legea lantzen hasteko".