Sindikatuek mobilizazioak egingo dituzte patronalak itunpeko ikastetxeetako akordioa bete ezean

ELAk, Steilasek eta CCOOk ziurtatu dute Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak «erantzukizun argia» duela langileak beste lanpostu batean jartzeko akordioa betetzeko, eta ez duela bere gain hartu.

Gizarte ekimmeneko itunpeko ikastetxeetako langileen protesta, iazko azaroan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 5a
13:11
Entzun

ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek iragarri dute mobilizazioak martxan jarriko dituztela berriro Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunpeko ikastetxeetan, Kristau Eskola eta IZEA patronalek ez badute betetzen azaroaren 9an lortutako akordioa. Sindikatuek nabarmendu dute martxan jarriko dituztela «euren esku dauden tresna guztiak», baita mobilizazioak ere, sinatutako akordioak betearazteko.

Ekainaren 4ko negoziazio mahaian patronalak «inolako jarrera aldaketarik» egin ez izana salatu dute, baita Hezkuntza Sailaren erantzunik jaso ez izana ere. Haien hitzetan, patronalak ez du «inolako asmorik» araudian sartzeko sinatuta dauzkan funtsezko irizpideak. «Aurretik hartutako konpromisoak indargabetu nahi ditu, zalantzan jarririk lanpostua gal dezaketen langileak beste lanpostu batean jartzeko sistemaren eraginkortasuna».

Sindikatuek ohar batean jaso dutenez, patronalak gobernuaren finantzaketa jaso nahi du erretiro partzialen eta kaleratzeen kostua ordaintzeko, baina konpromisorik hartu gabe lanpostua galtzen duten sektoreko langileei irizpide objektiboen bidez beste lanpostu bat emateko. Gogorarazi dute horretarako akordio bat adostu eta sinatu zutela patronalek eta sindikatuek Hezkuntza Sailarekin, eta hor zehaztu direla helburuak eta prozedurak. Horrenbestez, sindikatuen iritziz, Hezkuntza Sailak «erantzukizun argia» dauka akordioa betetzeko orduan, baina salatu dute ez duela bere gain hartu hori.

Lanpostu aldaketen akordioa ezerezean

LABen arabera, ezerezean geratu da kalera joango diren langileei beste lanpostu bat emateko akordioa, eta itunpeko ikastetxeetako patronalaren eta sindikatuen arteko lan hitzarmenaren mahaiak «eztanda» egin du.

«Sektoreko langileek 29 greba egin ostean, aurreko azaroan gizarte ekimeneko patronalek eta ELA, Steilas eta CCOOk akordio bat sinatu zuten mobilizazioak bukatzeko», azaldu du sindikatuak. Erantsi du LABek ez sinatzea erabaki zuela, «hainbat gabezia» zituela iritzita. «Ez zituen bermatzen lanpostuak, ez zegoen Lanbide Heziketako langileentzako aurrerapausorik, eta, eskubide bat lortzeko, uko egin zitzaion beste aldarrikapen historiko bati: 58 urtetik gorakoentzako jardunaldiaren murrizketari».

Ziurtatu duenez, azarotik akordioaren hainbat puntu ez dira bete: ordainsarien igoera, egutegien berregitea, errelebo kontratuaren ingurukoak... Gainera, haien hitzetan, atzo bildutako negoziazio mahaian argi geratu zen ez dela beteko lanpostua galduko duten langileei beste bat emateko konpromisoa. «Akordioa sinatu zenean, LABekoek salatu genuen ez zuela langileak beste lanpostu batean jartzeko bermerik, ikusitakoak behin eta berriro erakusten baitute patronal hauekin korrika eta presaka sinatutako akordioek ez dutela balio». Egoera «oso larria» dela diote. «Patronalek Jaurlaritzaren dirua lortu dute, erretiroen gainkostua ordaintzeko eta kaleratzeak finantzatzeko; eta orain ez dituzte langileak beste postu batean jarri nahi, badakitelako kaleratzeak dohainik aterako zaizkiela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.