Erregistratutako azken datuei erreferentzia eginez, ELAk azaldu du langabe kopuruaren jaitsierak ez duela esan nahi egoerak onera egingo duenik, eta lana dutenek geroz eta gehiago sufritzen dutela prekaritatea. Ohartarazi du aurten egindako kontratuen %93,1 aldi baterakoak izan direla. “Lanik ez dutenei zuzendutako eta prekaritatearen aurkako politikak egin ezean, injustizia sozialak jarraitu egingo du”.
Datuek “nolabaiteko lasaitasuna” ematen dutela onartu du LABek, baina adierazi du lan merkatuak krisian jarraitzen duela. PP eta PSOEren gobernuek onartutako erreformek lan harremanetan eta lan merkatuan izandako ondorioak salatu ditu sindikatuak, horiek prekaritatea ekarri dutelako. Erreforma horiekin “helburu bikoitza bete dute: batetik, kaleratzeak erraztea eta, bestetik, postu hauek kontratu berrien bidez ordezkatzea, egoera prekarioagoetan eta soldata askoz ere baxuagoekin”.
UGT eta CCOOk ere zalantzan jarri dute datuok krisiaren amaierarekin izan dezaketen lotura. UGTk esan du 4.600 langabe gutxiago izatearen datua ez dela nahikoa "krisitik irteteaz hitz egiten hasteko”. CCOOk, aldiz, egoerari aurre egiteko neurriak eta konpromisoa eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari.