Sindikatuek salatu dute Haurreskolak partzuergoa irekitzeko interes ekonomikoak lehenetsi dituztela

LABek, Steilasek eta ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu diote haurren eskubideak erdigunean jartzeko. Mobilizazioak egingo dituztela iragarri dute.

Sindikatuek 0-3 zikloaren alde egindako mobilizazio bat, aurreko astean, Gasteizen. RAUL BOGAJO
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 16a
15:47
Entzun

Eusko Jaurlaritzak baimena emana du joan den astelehenetik haur eskolak irekitzeko. Hala egin dute dagoeneko haur eskola pribatu batzuek, eta datorren astelehenean zabalduko dituzte partzuergoko haur eskolak. LAB, Steilas eta ELA sindikatuek ziurtatu dutenez, interes ekonomikoak daude erabakiaren atzean: «Interes ekonomikoak jarri dituzte hezkuntza komunitateko partaide txikienen, hezitzaileen eta, oro har, jendartearen segurtasunaren aurretik».

Sindikatuek mobilizazioa egin dute gaur goizean, Eibarko Haurreskolak partzuergoaren egoitzaren aurrean. Haien iritziz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak «aldebakarrez» hartu ditu erabakiak, eta iruditzen zaie  ez dietela erreparatu hiru hilabetean haur eskolara joan gabe egon diren umeen beharrei, osasunari eta segurtasunari.

Baina, hori ikusirik, sindikatuak ez daude geldirik egoteko asmotan. «0-3 zikloarekiko erakutsi duten mespretxua ikusita, Haurreskolak partzuergoa osatzen dugun langileoi mobilizazioetara jotzea baino ez zaigu geratzen», ohartarazi dute. Eusko Jaurlaritzari hainbat eskaera ere egin dizkiote: «Eskatzen diogu haurren eskubideak erdigunean jarri ditzala eta Haurreskolak partzuergoaren izaera pedagogikoa aitor dezala».

Itzulera planak adostua izan behar duela iruditzen zaie sindikatuei, eta, haien iritziz, hainbat puntu jorratu beharko lituzke: ikasturte bukaerarako prebentzio plana; haurrentzako egokitzapen aldia; ratioen jaitsiera; eta prebentzio planak egitea datorren ikasturtean egon daitezkeen egoeretarako –normaltasuna, gaixotasuna berragertzea eta itxialdia–. Gainera, umeen kopurua proportzioan jaisten bada, eskatu dute gutxienez bi hezitzaile etengabe han egotea, baita haurren ordutegiak murriztea eta espazioen antolaketa diseinatzea ere.

Mobilizazioak itunpekoetan

Haur eskolen auzian ez ezik, protestak izango dira itunpeko ikastetxeetan ere. Iragarri zuten bezala, ELAk, Steilasek eta CCOOk kontzentrazioa egingo dute bihar, Donostian, Kristau Eskolaren egoitzaren aurrean. Horrela, adierazi dutenez, itunpeko irakaskuntzako patronalaren jarrera salatu nahi dute. «Bete gabe dago oraindik gatazka luze baten ondoren sinatutako akordioa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.