HEZKUNTZA

Sindikatuek salatu dute LOMCEri buruzko akordioak ez duela etengo haren ezarpena

Cristina Uriartek aurrerapausotzat jo du DBH eta Batxilergoko kanpo azterterketak atzeratzea. "LOMCErekin edo LOMCErik gabe", lanean jarraituko du euskal hezkuntza eredua defendatzearen alde, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak esan duenez.

Hezkuntza kontseilariak, Espainiako Hezkuntza ministro Iñigo Mendez de Vigorekin bilduta, ostegunean. CHEMA MOYA / EFE
2015eko abuztuaren 14a
09:56
Entzun

Espainiako Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa ez ezartzeko "oinarri juridikoak" dituen proposamena aurkeztu zuten hamabi erkidegok —tartean, Nafarroak eta EAEk— ostegunean Madrilen egindako hezkuntza kontseilarien bileran. Eta, lau orduko bilkura baten ostean, fruituak eman zituen elkarrizketak: DBHko eta Batxilergoko kanpo azterketak atzeratzea onartu du Mendez de Vigo Espainiako Hezkuntza ministroak.

Horren inguruko balorazioa egin du Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Radio Euskadin. "Akordio txiki bat" lortu izana aurrerapausotzat jo du euskal hezkuntza ereduari eusteko bidean; "horrek ez du esan nahi dena egina dagoenik", erantsi du, ordea.

Uriartek gogorarazi du Jaurlaritza LOMCEren aurka agertu izan dela beti, eta aitortu epeek ez dutela "legea indargabetzeko tarte handirik" uzten: "Lege txarra dela eta ez dela ezarri behar pentsatzen jarraitzen dugu".

Sindikatuak, akordioaren kontra

ELAk Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari "inola ere" LOMCE ez ezartzeko konpromisoa eskatu die. Sindikatuaren ustez, "hezkuntza komunitateak eta gizarteak arbuiatzen duten hezkuntza erreformak ez du zilegitasunik Euskal Herrian ezartzeko". Beraz LOMCE ezartzeko epea atzeratzea eskatzeaz harago, Euskal Herrian ez ezartzeko  eta hezkuntza sistema propioa garatzeko eskatu die Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.

LABi "harrigarria eta kezkagarria" iruditu zaio Uriarte "pozik" azaltzea Madrilgo bileran adostutakoagatik. Sindikatuaren arabera, akordio horren bidez LOMCE "ez da ezbaian jartzen ezta geldiarazten ere". Gainera, salatu du akordio hori "hezkuntza komunitatearen bizkar" egin dutela.

Steilasek ere bileraren balorazioa egin du. Sindikatuaren iritziz, batzarrak baieztatzen du LOMCEren ezarpenak aurrera jarraitzen duela, "ez besterik". Datorren ikasturtea jarri du horren adibide gisa: "2015-2016 ikasturteak honakoa dakar besteak beste: 6. mailako errebalida, curriculumaren ezarpena Lehen Hezkuntza osoan, DBHko lehen eta hirugarren mailan eta Batxilergoko lehenengo mailan LOMCEren ezarpena, eta gainontzeko neurri segregatzaile, pribatizatzaile eta antidemokratikoen ezarpena". Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die hezkuntza legearen ezarpena geldi dezatela.

Hezkuntza Plataformen Topaguneak ere Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die LOMCE ez ezartzeko: "Aurrera egiteko unea da, hitzetatik ekintzetara igarotzekoa eta berezko hezkuntza sistema eraikitzekoa, adostasunetik abiatutakoa eta gizarte gisa aurrera egiteko balio duena".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.