ELAko idazkari nagusi Joxe Elorrieta, LABeko Rafa Diez, CCOOko EAEko Lan Osasunerako ardurasun Jesus Uzkudun zein ESK, EHNE, EILAS, eta Hiru sindikatuetako ordezkariek parte hartu dute gaur Egunkaria -ko langile ohiek deituta Iñaki Uria aska dezatela eskatzeko Donostian egin den elkarretaratzean. Haiekin batera, dozenaka herritar izan dira Bulebarreko ekitaldian.
Sindikalistez gain, zenbait politikari ere baziren, hala nola, Koldo Gorostiaga EHko europarlamentarioa, Inaki Irazabalbeitia Aralarreko buruzagia eta EB-IUko Duñike Agirrezabala.
Iñaki Uriaren gurasoek ere parte hartu dute elkarretaratzean, eta komunikabideei adierazi dietenez, prozesua orain arte nola joan den ikusita esperantza gutxi dute epe laburrean beren semea aske ikusteko.
'Egunkaria auziagatik' oraindik espetxean den pertsona bakarra da Uria, kazeta hartako Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkaria. Abokatuek hainbatetan eskatu dute aske utz dezatela, eta haien azken ekimenarin Espainiako Auzitegi Nazionalak emandako erantzuna Uriari 600.000 euroko bermearen truke baldintzapeko askatasuna eskaintzea izan zen; hots, inoiz jarri izan duen bermerik handienetako bat. Gainera, 600.000 euroak dirutan ordaintzeko baldintza ezarri zuen Auzitegi Nazionalak, abalik onartu gabe. Funtsean, Uriari eta haren inguruari bete ezinezkoa zaion baldintza ezarri zuen.
'Egunkaria' ixteko operazioan atxilotutako Xabier Alegriak ere espetxean jarraitzen du, baina 'Egunkaria auziagatik' barik, Udalbiltzarekin lotutako prozesuagatik.
'Egunkaria auzia'
Sindikatuen babesa jaso du Iñaki Uriak, haren askatasuna eskatzeko hileroko elkarretaratzean
Hilaren 20ro bezala, 'Egunkaria'-ko langile ohiek antolatuta, elkarretaratzea egin da eguerdian Donostiako Bulebarrean Iñaki Uria kazeta hartako kontseilari ordezkaria aske utz dezatela eskatzeko. Sindikatuen babesa jaso du gaurkoan aldarrikapenak: hain zuzen ere, ELA, LAB, EHNE, CCOO, ESK, EILAS eta Hiru sindikatuetako ordezkariek parte hartu dute ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu