Sindikatuen esperantzak ere gainditu ditu manifestaldiak

Erretreten erreformaren aurkako seigarren egunean ere jende anitz bildu da, eta urriaren 12ko grebara deitu dute

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2010eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Erretreten erreformaren aurkako mugimendua ez da oraindik bururatua. Hori argi utzi nahi izan zuten atzo Baionan elkartu milaka manifestarik, hamar sindikatuk egin deiari erantzunez. Zifra ofizialei dagokienez, sindikatuek 10.500 manifestatzaile iragarri zituzten. Frantziako Poliziaren arabera, 6.500 izan ziren. Greba egunetan -astegunetan- karrikara ateratzeko aukerarik ez dutenei egina zen atzoko deia; arlo pribatuko langileria eta, orohar, krisia dela eta, greba egitea zailegia zaienak gogoan.

Aitzineko egunetan baino manifestari gutxiago bildu ziren; hala ere, parioa gainditua dela deritzote sindikatuek. Aro ederrari, errugbiko derbiari, goizeko lo luzeari edota beste dei batzuei muzin egin eta karrikara jaistea erabaki dute uste baino herritar gehiagok: «Egia erran, dudak genituen mobilizazioa ez ote zen ahulduko. Baina kopuruak gure esperantzak gainditu ditu. Argi da, herritarrak ez dira amore ematekotan. Ez dute amore eman nahi», manifestaldia hasi aitzin hitza hartu UNSA sindikatuko Caroline Sanz ordezkariak erranik. Aldarrikapenak beti bera izaten segitzen du. 2018ko, erretretaren adina 60 urtetik 62ra gibeleratu nahi du Frantziako Gobernuak, eta, osoki kotizatu ez arren, pentsio osoa jasotzeko eskubidea 65 urtetik 67ra pasatu.

Orain urriaren 12ko greba eta protesta eguna dute gogoan sindikatuek. Erreformaren aurka antolatu seigarrena da. Sindikatu batzuen ustez, LAB tarteko, greba orokor eta mugagabea da behar. «Mugan gara. Gero, berantegi izanen da. Sei egun sakabanaturik, ala jarraian, ez da berdin. Jarraian beste ondorio batzuk lituzke. Orain, galdera izan daiteke, sei egun horiek zertarako? Ez badugu mugimendua azkartzen, langilea berriz gustu txarrarekin geldituko da, eta ondoko aldian ez da aterako», adierazi du LABeko kide Amaia Fontangek. Beste batzuentzat, CGT tarteko, metodo egokia da orain artekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.