Tribunaleko zortzi gizonek eta emakume bakarrak epaileak emandako galdetegiaren 34 erantzunekin hartutako erabakia izan da absoluzioarena. Lau ziren har zitezkeen beste aukerak: erailketa, balizko engainuz eginiko erailketa, zuhurtziagabeko erailketa eta ezusteko istripuz eginiko hilketa. Lau aukera horiek, ordea, alde batera utzi ditu zinpeko epaimahaiak, «froga nahikorik ez izateagatik».
Hamaika urteko espetxe zigorra eskatzen zuen Fiskalak erailketagatik, labankadaz andreak senarra hil zuela egotzita.
«Labana neure buruaren defentsan hartu nuen, ez nuen hil nahi; lurrera jausita labana bularrean sartu zuen», adierazi zuen Marcosek epaiketaren lehen egunean. Ezkonduta egon ziren 44urteetan tratu txarrak jaso zituela ere azaldu zuen, eta senarra hil zuen egun hartan ere, 2009ko azaroaren 2an, eztabaida gogorrean zebiltzala biak, baina defentsarako baino ez zuela labana hartu: «Inola ere ez gizona hiltzeko nahiarekin».
Aski froga ez
Zinpeko epaimahaiak erabakian aintzat hartzen du 2009ko azaroaren 2an eztabaida gogorra izan zutela Maria Pilar Marcosek eta bere senar Jose Antonio Gilenek. Gizonak belarrondokoa emandakoan hasi zela «amesgaiztoa». Lurrera jausi zen Marcos golpearen eraginez, eta alboan zuen labana hartu zuen «defentsarako». Senarra emakumeari oldartu, eta momentu hartantxe zauritu zuen labanaz gizonaren ezker besoa. Labanaren eskua gogor eutsi zion horren ostean Gilek emazteari, ubeldurak eraginez.Gerora zer gertatu zen ez dira bat etorri zinpeko epaimahaikideak, baina argi dute: ez dago frogarik labana nahita sartu zionik baieztatzeko.
Marcosen esanetan, urte luzez jasan zituen senarraren eraso fisikoak eta irainak, baina ez zen gai izan horiek salatzeko eta dibortziatzeko: «Besteak beste, jaso dudan hezkuntzagatik eta erlijioan dudan sinesmenagatik». Egun hartan, adierazi eman duenez, ez zuen bere bizia arriskuan ikusi, baina bai bere segurtasun fisikoa.
Epaimahaikideek kontuan eduki dute, besteak beste, senarra hil ostean, Marcosek 112ra deitu zuela gertatutakoa kontatzeko eta orduan senarraren zauria eskuoihalez estaltzen zebilela, «haren heriotza saihestu nahian».
Lau egun epaiketan
Lau egunez luzatu da ahozko auzi saioa, eta bi egunetan aritu dira zinpekoak eztabaidan. Gakoa izan da argitzea hildakoak jasotako labankada ustekabean izan zen, edo erailketa, balizko engainuz eginiko erailketa edo nahigabeko erailketa izan zen. Azken hirurotako bat izan zela erabakitzeko, emakumea errudun jotzeko alegia, bederatzi epaimahaikideetatik zazpiren sostengua behar zen, eta hiru aukeretatik batean ere ez dute horrelakorik lortu. Gauzak horrela, zinpeko epaimahaiak erabakia hartu du: Marcos kargurik gabe eta aske geratu da. «Ez dago frogarik labana senarrari hiltzeko asmoz sartu ziola egiaztatzen duenik».
Bere buruaren defentsan
«Zinpeko epaimahaiak hartutako erabakian emakumea bere buruaren defentsan» ari zela azaldu du Anjel Ruiz de Erentxunek, Marcosen abokatuak. Azken orduko «zalantza» ere izan zuela azaldu du Ruiz de Erentxunek: «Epaimahaikideek ez zituzten sinistu Marcosek lehen unetik esan zituen zenbait kontu». Nolanahi ere, hainbat datuk argi uzten zuten, abokatuaren ustez, auzipetua benetan ari zela. «Hausnartzeko denborarik gabe, zer esan behar zuen prestatu gabe esan zituen hitzok: 'Askotan esan zidan senarrak, ulertzen zuela 70 urteko gizonek euren emazteak hiltzen dituztenean'».
Gainerakoan, Ruiz de Erentxun abokatuak esan du, zinpeko epaimahaikideek aintzat hartu dutela eraso larri baten aurka bere burua babesten ari zela Maria Pilar Marcos. Senarrak emaztea hiltzeko asmorik zuen, berriz, ezin dela jakin esan zuen, ez dela hori inoiz jakingo: senarrak baino ez zekiela hori.