Donostiako autobus geltokia

Sionerako autobusa

Amaitu da, antza, Donostiako autobus geltoki berriaren odisea. Atzerapenaz atzerapena, ireki dute azkenean, eta gaur hasiko da lanean. Ez da harritzekoa atzo sortu zuen ikusmina. [Youtube]http://youtu.be/UJQS8ykdJmM[/Youtube]

Edu Lartzanguren.
2016ko otsailaren 6a
09:52
Entzun

Geltokiko lehen bidaiariak izango gara», esan du batek. Haurrak jostailu berriarekin bezala daude politikariak, funtzionarioak eta kazetariak, autobusean estututa. Eneko Goia Donostiako alkatea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Denis Itxaso zinegotzia eta Odon Elorza alkate ohia daude autobusaren barruan, besteak beste. Argazkilariak eta kamerariak borrokan ari dira ibilgailuaren aurrealdean lekua hartzeko. Denek nahi dute irudia hartu: lehen autobusa Donostiako geltoki berrira iristen.

Eguerdian zabaldu dute geltokia, azken hilabeteotan saioa bitan bertan behera utzi ondoren. Halere, lanean ari dira oraindik beharginak lur azpiko geltokiaren gainean. Horietako batek korrika kendu behar izan du errepideko seinaleztapen kono laranja bat, agintarien autobusak zapalduko zuelakoan. Geltokiaren ahoan, ustekabe bat: langa itxita dago. «Deitu Alfonsori, altxa dezatela langa», esan du arduradunetako batek.

«Geldialdi eskatua» mezua argitu egin da. Batzuek barre egin dute. Gidariak ez. Izan ere, kontu handiz dabil geltokian sartzeko aldapako bihurgunean. Lehen aldia da harentzat ere, eta tarteak ondo neurtu behar.

Dena prest dago zabaltzeko ekitaldia egiteko. «Nafarroan apaiz bat ekarriko zuten geltokia bedeinkatzera», esan du, barrez, beste batek.

De Norte a Sur du izena geltoki berriko kafetegi berriak; horrela, gaztelera batuan. Halere, ia asmatu egin dute gero errotulu nagusian: «Kafetegi, jantoki». Artikulua lehen platerean jateko atera dute, antza.

«Geltoki honek Bazen garaia izan beharko luke izen», esan du Goia alkateak ekitaldian. «Azkenean, Donostiak badu geltoki duina». Ondoren, Olano mintzatu da. «Lehendakaria ez da etorri», esan du entzule batek.

Zonbi filmetan bezala, eskuak kristalaren kontra, sartzeko irrikan dago jende saldo bat, geltokiaren kanpoaldean. Gehienak erretiratuak dira, denbora-pasan. Aztoratzen hasi da jendetza. «Ireki beharko dugu, ez?», esan du Olanok. Merkealdian bezala sartu dira.

Gurpil aulkian

Badira, denbora-pasan baino gehiago, kezkaz heldu direnak lur azpiko eraikin berrira. Marta Mitxelena da horietako bat. Aulki gurpildun batean dago, nasetako batean. «Ez zait gustatu igogailua non dagoen», esan du; «ez dut erraz aurkitu horren sinboloa». Igogailutik atera bezain pronto larrialdi ateak topatu ditu: barra bati bultzatuta, barrurantz irekitzen dira. «Itxita badaude, bakarrik etorriz gero ezin naiz sartu», kexu da.

Felipe Lasuen eta Txaro Oleaga, berriz, pozik daude. «Oso txukuna da», esan du gizonak. Eibarrera (Gipuzkoa) joateko erabiltzen du emakumeak autobusa. «Hobeto hemen, Loiolako Erriberan baino; hau zentroan dago», esan du. Urtarrilaren 15ean zabaltzekoa zen geltokia, baina atzeratu behar izan zuten, sutea gertatuz gero kea kanporatzeko sisteman akatsa antzeman zutelako. «Hobe atzeratzea, istripu bat gertatzea baino», esan du Lasuenek.

Informazio pantailei begira daude Patxi Korta eta Miren Martikorena. Kortak Ingalaterrara joan behar du gaur, eta Loiuko (Bizkaia) aireporturako autobusa noiz aterako den begiratzen ari da. Martikorena Tenerifera (Espainia) joango da datorren astean.

Korta kexu da: «Geltokia jendeari erakusteko egunean komun bakarra zabaldu dute». Ilara polita egin da, komun horren atearen aurrean.

Jaione Tobia haurra gurditxoan duela joan da geltokia ikustera. Jaisteko igogailua txikia iruditu zaio, eta gauzak gordetzeko armairuak «gutxi» direla uste du.

Pantailetan, gaurtik aurrera sartu eta aterako diren autobusen nondik norakoak ageri dira: Loiu, Bilbo, Monterrubio (Espainia), Chambery (Frantzia), Basilea (Suitza), Roazhon (Bretainia) eta Sion. Sion? Bai, Okzitanian dago, Tolosatik ez oso urrun. Ez zen Bob Marleyren omenaldia, gaur haren urtebetetzea den arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.