Sistema propioaren alde, elkarrizketak hasiko ditu EH Bilduk

jokin sagarzazu
2015eko uztailaren 2a
17:40
Entzun

Hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko, prozesu “parte hartzaile eta zabal” bat abiatuko du EH Bilduk irailean. Hori ahalbidetuko lukeen proposamen politikoa zehaztu asmoz, elkarrizketak hasiko ditu Hego Euskal Herriko hezkuntza arloko eragileekin. Koalizio subiranistaren iritzian, hezkuntza sistema «berri» horren oinarriak izan behar dira curriculum eta ebaluazio sistema propioa eta ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen hizkuntza eredua.

Belen Arrondo eta eta Esther Torres koalizio subiranistako EAEko eta Nafarroako legebiltzarkideek agerraldia egin dute, ekinbidea azaltzeko. Horrekin batera kritikatu egin dute Espainiako Gobernuak "inposatutako" LOMCE legearen aurrean Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak agertutako jarrera.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan, azpimarratu dute Madrilgo legea bere horretan aplikatzen hasi dela Jaurlaritza, Heziberri planaren bidez hori "mozorrotu" nahi izan duen arren. “Baina txarto atera zaio jokaldia eta ez du hezkuntza eragile eta familiei ziria sartzea lortu”, azpimarratu dute. LOMCEren barruan Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan egin beharreko azterketei zenbait ikastetxek eta gurasok eginiko plantoa gogoratu dute. Horrez gain, salatu dute Jaurlaritzak “sekulako murrizketak” egin dituela; koalizioaren arabera, irakasle eta langileak kendu ditu, geletako ratioak handitu ditu, garraio eta azpiegiturak murriztu ditu, eta behar berezidun ikasleen baldintza okertu ditu, besteak beste.

"Sorgin ehiza"

Nafarroan, berriz, salatu dute UPNren gobernuak LOMCE legea bere nahietara egokitu duela, “euskal hezkuntzaren kontra” egiteko. Azpimarratu dute “sorgin ehiza” hasi zuela “euskal kutsua” duen edozeren kontra; besteak beste, Euskal Herria aintzat hartzen duten ikas materialen kontrako lege bat indarrean jarriz edota Guardia Zibilari txosten bat eskatuz D ereduko ikasleak iker ditzan. Nolanahi ere gobernu aldaketarekin itxaropentsu azaldu dira EH Bildukoak, eta datozen lau urteetan hori guztia “zuzentzeko” aukera egongo dela uste dute.

Ipar Euskal Herriko egoera ere izan dute gogoan. Euskal hezkuntzak “aitorpenik gabe” jarraitzen duela salatu dute eta azpimarratu aurtengo ikasturtean euskarak eta ikastolen mugimenduak “eraso larriak” jasan dituztela; Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren kasua gogoratu dute. Bestalde, “eta apurka apurka bada ere”, nabarmendu dute “urte luzeetako borrokaren ondorioz” baxoa-n euskara “bere tokia” eskuratzen ari dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.