'Bonnemaison auzia'

"Sistema zentzugabe baten biktima" izan direla salatu dute 'Bonnemaison auziko' familiek

Medikuak hiltzen lagundutako bost gaixoren familiek haren aurkako beste epaiketa bat egitea galarazteko eskatu diote gutun batean Frantziako presidenteari.

Nicolas Bonnemaison medikua, bere abokatuarekin, Paueko epaitegi aurrean. LAISSAC LUKE / EFE
2014ko uztailaren 11
18:18
Entzun

Patricia Dhoogek sinatu du gutuna. 2010ean Baionako erietxean hildako gaixoetako baten emaztea da Dhooge. Baina, harez gain, beste lau sinatzaile ere baditu testuak.

Bertan, salatzen dute "zuzenbide sistema zentzugabe baten biktimak" direla eta "etsita" daudela Paueko Fiskaltzak aurkeztutako helegitea dela eta. Izan ere, fiskaltzak medikua errugabetzeko atera zen epaiaren kontrako helegitea jarri du, bere hasierako tesiari eutsiz. Ondorioz, François Hollanderi eskatu diote "malgutasunez" jokatzeko, eta Bonnemaisonen aurka beste epaiketa bat egitea galarazteko.

"Gure senideen sufrimenduaren aurrean gizatasunez jokatu zuen Nicolas Bonnemaison medikuak", irakur daiteke gutunean. Haien arabera, egin zuena egitera bultzatu zuten arrazoiak onartu izanak frogatzen du medikuaren asmoa gaixoak sendatzea zela hasieratik, eta ez haiek hiltzea. "Gertatutakoaren ondotik piztutako eztabaidek lagundu digute ulertzen zein egoeratan zegoen medikua. Egun indarrean dagoen legea eskasa da, eta, horren ondorioz, asko estigmatizatuta geratu dira".

"Bizitzaren amaierari buruzko medikuaren hausnarketak itxaropena eman digu", diote gutunean, eta zalantzan jartzen dute haren aurkako beste epaiketa baten beharra. Izan ere, senideen iritziz beste epaiketa batek "zauriak berriz zabaltzeko" soilik balioko luke. Horiek hala, Justizia ministroarekin eta fiskaltzarekin hitz egin eta auzia behin betiko ixteko eskatu diote Hollanderi.

Izan ere, Leonetti legea dago eztabaidaren muinean, erien eta hilzorian diren pertsonen eskubideak arautzen dituen legea, hain zuzen. Lege horrek dio medikuek lagundu ditzaketela hilzorian diren pertsonak, sedatuz eta sufrimendua saihesten lagunduz. Baina, horretarako, erien senideekin eta gainerako medikuekin hitz egin behar dute aurrez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.