Soietxeko 60 militar berrogeialdian daude

Seik positibo eman dute, eta haiekin kontaktuan egon direnak ere bakartu egin dituzte. Mungian 135 kasu atzeman dituzte azken astean.

Soietxeko kuartela, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
2020ko irailaren 9a
13:03
Entzun

Koronabirusa zabaltzen ari da Mungian (Bizkaia). Azken astean, 135 kasu baieztatu dituzte herrian, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera. Hala, azken zazpi eguneko tasa 77,81 kasu litzateke 10.000 biztanleko. Gorakadaren seinale da ateak itxi dituen lehen zentroa izan dela herri hartako Bentades ikastetxea, ikasturtea hasi eta bi egunera. Gainera, gaur jakinarazi dute Soietxeko Espainiako Armadaren kuartelean sei positibo atzeman dituztela. Horren eraginez, 60 militarrek berrogeialdia egin beharko dute.

Soietxeko kuartelean 550 militar inguru daude, bost konpainiatan banatuta, eta, El Correo egunkariak argitaratu duenez, horietako bateko sei kidek positibo eman dute COVID-19a atzemateko PCR proban. Gauzak hala, haiekin kontaktuan egon diren kideek berrogeialdia egin beharko dute. Horiek euren etxeetan bakartuko dira. Positibo emandakoetako hiru, berriz, kuartelean daude bakartuta.

Astelehenean ez zen apenas militarrik agertu bere postura, Soietxeko arduradunen aginduz, eta atzotik neurri bereziak hartuta ari direla adierazi dute. 

Sei kasuetatik lau Mungiako Goieta tabernan sortutako agerraldiari lotuta daude. Hilabete hasieran, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak abuztuaren 21etik 26ra bitartean taberna hartan egondakoei PCR proba egiteko eskatu zieten, gutxienez bi langilek eta lau bezerok positibo eman baitzuten. Proba egin zuten 240 herritarretatik zazpik eman dute positibo. 

Taberna hartako agerraldiaz gain, beste bat ere atzeman dute herriko San Jose-Etxe Alai zahar etxean, aurreko astean. Gutxienez 20 kasu baieztatu dituzte egoitzako egoiliarren artean.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.