Politika

“Soilik bitarteko politiko eta demokratikoak” erabiltzeko konpromisoa berretsi du ezker abertzaleak

Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako Herrialdeko Batzarrak egin ditu asteburu honetan, 600 kide ingururen parte hartzearekin, eta amaitutzat eman du azken hilabeteetako eztabaida prozesua. =iZutik Euskal Herria=i ebazpena onartu dute, eta, bitarteko politiko hutsen aldeko apustua egiteaz gain, azpimarratu dute “soilik masa borroka, borroka instituzionala eta borroka ideologikoa” direla Espainiako Estatua konfrontazio askera eramateko modua.

2010eko otsailaren 15a
18:03
Entzun
Ezker abertzaleak bukatutzat jo du iragan udazkenean abian jarritako barne eztabaida prozesua. Hain zuzen ere, Herrialdeko Batzarrak egin dituzte asteburu honetan Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. 600 lagun izan dira batzar horietan, eztabaida egin den 270 herrietako ordezkari gisa, eta gaur komunikabideetara helarazitako ohar baten bidez jakinarazi dutenez, Zutik Euskal Herria ebazpenari oniritzia emanez amaitu dute prozesua. Funtsean, ebazpen horrek ezker abertzaleko barne eztabaidaren ondorioak eta etorkizunerako apustu politikoa biltzen ditu.

Ildo horretatik, ezker abertzaleko hainbatburuzagik azkenaldian behin eta berriz agertu duten bezala, “soilik bide eta bitarteko politiko eta demokratikoak” erabiltzeko konpromisoa berretsi dute. Izan ere, ezker abertzaleak ondorioztatu du iritsi dela aldaketa politikoak gauzatzeko garaia, eta hori Prozesu Demokratikoa izendatzen duenaren bidez egingo litzateke. “Fase politiko honen helburua aldaketa politiko hori burutzea da, gure herrian proiektu politiko guztiak defendagarri eta gauzagarri izateko oinarri nahikoa izango duen marko demokratikoa eskuratuz”, agertu dute prentsa oharrean. Euskal Herrian bake iraunkorra lortzeko modua hori dela uste dute, eta zehaztu, fase politikoaren aldaketa barneratzeak bere burua aldatzea ere eskatzen diola ezker abertzaleari.

Esan bezala, bitarteko politiko eta demokratiko hutsen aldeko konpromisoa berretsi dute, eta alde horretatik nabarmendu Prozesu Demokratikoa “indarkeria eta esku-hartzerik gabe” garatu beharko dela, eta negoziazio politikoa Mitchell senadorearen printzipioen arabera gauzatu.

Finean, euskal herritarrek erabakitzeko eskubidea lortzeko bidea “soilik masa borroka, borroka instituzionala eta borroka ideologikoan” oinarritzen dela uste dute, hain justu, bide horiek ahalbidetzen dutelako “indar demokratiko eta aurrerakoien ekintza batasuna” eta batasun horren bidez Espainiako Estatua “ideia eta proiektu politikoen konfrontazio askera” eramatea. Konfrontazio aske horren ondorio litzateke erabakitzeko eskubidea gauzatzeko eszenatokia sortzea.

Eztabaida amaitutzat eman eta ondorioak plazaratuta, euskal gizarteari prozesu hori “atzeraezin” bihurtzeko deia egin diote, eta prozesua laguntzekoa nazioarteko komunitateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.