KRISIA PSOE-n

"Soilik boto zuzena erabiltzen bada" aurkeztuko da Madina PSOEko idazkaritzara

Patxi Lopezek esan du gustuko duela "militante bat, boto bat" formula, eta Madina "sozialista handi bat" dela.

Madina, atzo. VICTOR LERENA / EFE
2014ko maiatzaren 28a
12:28
Entzun

Alfredo Perez Rubalcabak astelehenean esan ondotik ezohiko kongresua egingo duela PSOEk zuzendaritza berri bat izendatzeko, hautagaiak izan daitezkeen hainbat kide hasi dira euren burua kokatzen Rubalcaba ordezkatzeko lehian.

Eduardo Madina izan da horietako bat. Azaldu du prest dagoela PSOEko idazkari nagusi izateko bere hautagaitza aurkezteko, baina baldintza bat jarri du horretarako: militanteen boto zuzenaren bidez hautatzea idazkari nagusia.

"Uste dut oso ondo ulertzen dudala zein den uneotan PSOEko militanteen aldartea. Horregatik esan nahi diet neure burua aurkeztuko dudala soilik boto zuzenaren bidez aukeratzen bada idazkari nagusia", azaldu du. Halaber, uste du uztailaren 19-20an PSOEk egingo duen kongresuan "ongi" ulertu behar dutela "gertatzen ari dena".

Lopez, formularekin ados

Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiak atzo iragarri zuen kargu hori utziko duela, baina ez zuen argitu Rubalcabaren oinordeko izateko hautagaitza aurkeztuko duen. Nolanahi ere, lehia horretan egon daitezkeen kideez mintzatu da. Madinaz esan du "sozialista handi bat" dela, eta Susana Diaz Andaluziako Gobernuko presidenteaz, berriz, bi karguak uztar litzakeela.

Nolanahi ere, ez du bere burua baztertu lehia horretan, eta Madinak proposatutako formularekin —militante bat, boto bat— ados azaldu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.