HEZKUNTZA

Solana: "Haur eskolen auzian, Iruñeko Udalak ez digu eskuduntzarik kendu"

Iruñeko bi haur eskolatan euskarazko lerroa ezartzeko prozedura "ohikoa eta zuzena" izan zela esan du Hezkuntza kontseilariak.

Maria Solana, duela gutxi elkarrizketa baterako egindako argazkian. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2017ko abenduaren 13a
15:24
Entzun

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako 2. salak ebatzi zuenaren kontrara, Iruñeko Udalak ez zituen bere gain hartu Hezkuntza Departamentuarenak ziren eskuduntzak. Maria Solana Hezkuntza kontseilariaren arabera, prozesua "zuzena" izan zen, bai departamentuaren aldetik, baita udalaren aldetik ere. "Ez dakit zer gehiago egin genezakeen. Prozedura arrunta izan zen: bi haur eskolatan hizkuntza eredua aldatzeko proiektua aurkeztu zigun udalak, eta guk oniritzia eman genion", azaldu dio BERRIAri.

Adierazpen horiekin, haur eskolen euskarazko eskaintza legez kanpokoa dela dioen ebazpena oinarri sendorik gabe utzi du Hezkuntza kontseilariak, epaileen argudio nagusia baita haur eskolen hizkuntza eredua moldatzea ez dela Iruñeko Udalari dagokion eskuduntza bat, Hezkuntza Departamentuari dagokiona baizik. "Ez dugu uste gure gainetik pasa direnik. Kontrara: baimena eskatu zuten, eta guk eman". Beste kasu batzuetan, udalek ez dutela hain garbi jokatzen ere gaineratu du Solanak: "Guk dakigula, Iruñeko Udalak -UPNren agintaldian- ez zion Nafarroako Gobernuari baimenik eskatu Hello motako eskolak jartzeko (ingelesa-gaztelania ereduko eskolak), eta garai hartan inork ez zuen erabaki hori auzitan jarri".

Hala ere, Nafarroako Gobernuaren zerbitzu juridikoek sententzia aztertzen ari direla gaineratu du kontseilariak, "ea, menturaz, guk ezagutzen ez genuen eskuduntzaren bat dugun". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.