Nafarroako Gobernuak erantzun du azken egunetan euskararen kontra Nafarroan izaten ari diren mugimenduei. Heldu den ekainaren 2an Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikaren aurka antolatu duten manifestazioa ulertzea "kostatu" egiten zaiola esan du gaur Maria Solana Gobernuko bozeramaileak. Horri buruz galdetu diotenean esan du bakoitzak nahi duena eskatzeko manifestazioak egiteko eskubidea duela, baina, onartu du "deigarria" dela "eskubideen kontrako manifestazioak antolatzea".
Manifestazioaren inguruan zabaldu diren leloak entzunda, haien inguruko azalpenik ez dagoen bitartean, gutxienez, haiek ulertzea zaila egiten zaio Solanari: "Inposizioa? Zer? Nori? Nork? Noiz?". Nafarroako hizkuntza politika defendatu du: "Zentzua dauka, eta herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuak izateko helburuz dago".
Euskararen aurkako gurutzadari heldu dio berriz Nafarroako PPk, ekainaren 2ko manifestazioari (ikusi bideoa) etekina atera nahian: "itzuli informatiboa" eginen du Ana Beltran legebiltzarkideak herriz herri. Egitasmo berriaren helburua, ohi bezala, "euskararen inposizioa" salatzea izanen da.
Honakoa irakur daiteke itzulian banatuko dituzten eskuorrietan: "Argi utzi nahi dugu gaztelania dela Nafarroako hizkuntza ofizial bakarra, eta euskara dela errespetatzen dugun hizkuntza propio bat, baina inposiziorik gabe". Horregatik, "gehiengo erdaldunaren eskubideak" babestu behar dituztela uste du Beltranek.
Euskararen ustezko "inposizio" horiek aletzeko garaian, honakoak aipatzen dira PPk banatutako oharrean:
"Oposizioetan eskaintzen diren postu gehienak euskarazkoak izatea".
"Oposizio batzuetan titulazio profesionalak baino balio handiagoa izatea euskara jakiteak".
"Nafarroako Gobernuaren bide seinale, errotulazio, iragarki eta agirietan euskara gaztelaniaren gainean ipintzea".
"Euskaraz ikasten duten haurren garraioa eta jantokia ordaintzea, baina ez ingelesezko ikasleena".
"Gure seme-alabak eskolan matrikulatzean, ulertu ezin den inprimaki batean egin behar izatea, euskarazko bertsioa gaztelaniazkoaren aurretik dagoelako".
"Udalerrien izenak gaztelaniatik euskarara aldatzea".
"Osasun etxeetako erantzungailu automatikoak euskaraz egitea, gaztelaniaz baino lehenago".
"Nafarroako Gobernuarentzat lan egin nahi duten enpresei euskara plan bat egitera behartu nahi izatea".
"Euskara erabiltzen duten enpresa eta hedabideei milaka euro ematea".