"Erdizkako egoera" da hau, Sareren irudiko; "iniziatiba falta da", eta Espainiako Gobernua "adierazpen kontrajarriak" egiten ari da. Sarek bi ondorio atera ditu, komunikabideetara igorritako ohar batean: "Eurek ezarritako legediaren aurka jarduten jarraitzeko nahia" ikusten dio Espainiako Gobernuari, batetik, eta "aurreko gobernuak ezarritako irabazle eta galtzaile dinamikarekin jarraitzeko asmoa", bestetik.
Bestela jokatu behar da, ordea, Sareren irudiko. Urruntzea "neurri politiko deitoragarria" izan zenez, beste "neurri politiko batek desagerrarazi" behar luke. Gainera, erabaki horrek ez luke "preso bakoitzaren ekintzen" araberako izan behar, "guztiei dagokien eskubidea baita eta legeak hala jasotzen baitu". Bestetik, ohartarazi du gradu aldaketa ezin dela izan "mendeku edo xantaien ondorio".
Kepa Arroinategi gaixo dagoen presoa gerturatzekotan dira, atzo EITBk zabaldu zuenez. Sarek "poza" adieraz du, horrek presoari zein haren senideei "arnasa" emango dielako. Baina azpimarratu du larri gaixo dauden presoek etxean egon behar dutela.
Hori guztia kontuan hartuta, behar-beharrezkoak dira gizarte zibilaren "aktibazioa eta mobilizazioa", Sareren ustez, eta dei egin du urriaren 20rako Bilbon antolatzen ari diren manifestaziora joateko.
Nafarroako Gobernua, baikor
Nafarroako Gobernuko bozeramaile Maria Solanak ontzat jo du euskal preso batzuk euskal espetxeetara gerturatzeko Espainiako Gobernuak azaldutako asmoa. Adierazi du Nafarroako Gobernuak legegintzaldian zehar, aukera izan duenean, hori aldarrikatu duela eta "legea bete besterik" ez dela egingo. Solanak esan du Uxue Barkosen gobernua "legezkotasunaren defendatzaile irmoa" dela eta, ondorioz, bat egiten duela presoak gerturatzearekin: "Legea beteko litzake, ez litzateke ezarritakoaren gainean beste ezer egingo".
Foru Sozialeko bozeramaile Agus Hernanek, berriz, larritasuna erakutsi du, Espainiako Gobernuak ez duelako "pausorik eman" espetxe politika aldatzeko. Nahiz eta adierazi duen badakiela denbora behar dela, gehtu du beharrezkoa deal martxan hastea. Hernanek azaldu du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak esan zuela uda "mugimenduak" egingo zirela amaitu aurretik, preso gaixo eta 70 urtetik gorakoekin batik bat, eta ez direla egin. Gaineratu du "gehiengo sozial, instituzional, politiko eta sindikala espetxe politika aldatzearen alde" dagoela eta gehitu du biktima batzuk "argi" azaldu direla gerturatzeen alde. PSOEri eskatu dio euskal gizarteari begiratzeko "babesa ematen" ari zaiona delako.