Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban etxebizitza libreen salneurriak %27 igo dira 2004 eta 2007 urtera bitartean. Herrialde horietako gazteen soldatak, aldiz, %10 hazi dira. EAEko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) plazaratutako datuen arabera, gazteek etxebizitza eskuratu ahal izateko jarri beharreko diru kopuruaren portzentajea nabarmen hazi da lau urteotan, hau da, soldataren %64tik %82ra.
Horiek horrela, etxebizitza arloan izan den administrazioaren esku-hartzea ez dela eraginkorra ez indartsua izan azaldu du EGK-k, «ez behintzat etxebizitza eskuratzeko eskubideari zor zaion begirunea lortzeko modukoa». Hala, salatu du interes tasen gorakadak eraginda azken hilabeteotan okertu egin dela gazteen gainzorpetze egoera. Nahiz eta hipoteka gutxiago hitz ematen diren, maileguan eskatutako kopuruak handiagoak dira, eta finantza baldintzak gogorragoak dira, era berean.
Etxebizitza gizarte babesa behar duen ondarea da EGKren esanetan, eta ildo horretan gaitzetsi du Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako erakundeek gizarte alorrera bideratzen duten dirua «oso urria» dela. Europako Batasunaren batez bestekotik behera daude biztanle bakoitzeko inbertitzen duten diru kopuruan lurraldeok, eta baita Barne Produktu Gordinarekin alderatuz ere. EAEko Gazteriaren Kontseiluaren hitzetan, «nahitaezkoa da gizarteak sortzen duen aberastasunaren portzentaje handiagoa bideratzea gizartearen beharrizan eta eskubideak asetzera».
ZOR PUBLIKOA ETA HERRITARRENA. EGKren ustez, «esanguratsua da» EAEko aurrekontuen erronka nagusia zor publikoa murriztearen aldeko politika izatea, «gizarte politikei eta etxebizitzari baliabide gehiago eskaini gabe». Aldiz, etxebizitza erosi ahal izateko herritarrak bere gain hartzen duten zorra harik eta handiagoa dela salatu dute.
Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza Sailera bideratzen duen aurrekontuak hazkunderik ez eta indarra galdu duela jakinarazi dute. Hala, 2008an etxebizitzara 194,1 miloi euro bideratuko dituztela azaldu dute, aurten baino gutxiago, 196,3 miloi izan baitira aurten. «Ez dira inoiz maila berean egon aurrekontua eta etxebizitzaren arazoa».
Hala, gizarte eta etxebizitza politikei eskaini beharreko aurrekontua handitzeko zergen bitartez diru gehiago jaso behar dela uste dute. EGKren arabera, zerga sisteman Europako Batasuneko batez besteko mailan izateko 4.028 milioi euro gehiago bildu behar dituzte Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban.
Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek onartutako zerga erreformak 446 miloi euro gutxiago biltzea ekarriko duela salatu dute: «Gainera, aurrezte hori onuragarriagoa izango da enpresa eta errenta handientzat». Aberastasun gutxiago banatu eta gizarte beharrizan gehiago babes gabe geldituko direla diote, eta azken urteotako erreformetan atzera egiteko galdegin dute.
Soldatak baino hiru aldiz gehiago hazi dira etxeen prezioak 2004tik
EAEko Gazteriaren Kontseiluak dio erakundeek etxebizitzara bideraturiko inbertsioa ez dela nahikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu