Bahiketa

Somalian bahitutako Bermeoko atun ontziko marinelen senideak "arduratuta" daude

Hala agertu dio Ekaitz Clemos ontzian den Gotzon Clemos arrantzalearen semeak =l Busturialdekohitza.info==http://www.busturialdekohitza.info/=l-ri. Jaurlaritzak eta armadoreak diote ez dagoela inor zaurituta. Bermeoko =i Playa de Bakio=i atun ontzia atzo bahitu zuten, Somaliatik 250 miliatara, eta dirua eskatzen dute marinelak askatzearen truke.

2008ko apirilaren 21a
18:45
Entzun
"Arduratuta gaude baina lasaitasuna mantentzen saiatzen gara", azaldu dio Busturialdekohitza.info-ri Ekaitz Clemonsek, Somalian bahitutako ontzian dagoen Gotzon Clemons marinel gernikarraren semeak. Aitaren berri askorik ez dutela erantsi du, "enpresak eta Bizkaiko Foru Aldundiak esan diguna besterik ez". Hala ere, bahitutako guztiak ondo daudela agertu diete.

Gonzalo Saez de Samaniego Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburuak ere zauriturik ez dagoela adierazi du; Jaurlarlitzak eta armadoreak zaurituen berririk ez dutela, behintzat. "Zoritxarrez, ez dago informazio askorik, baina ez dago zauriturik", esan du. Sailburuak dioenez, lau pertsona armatu doaz itsasontzian, ontzia zuzentzen. "Ontzia kaltetuta dago, baina ez du arazorik itsasoan jarraitzeko eta porturantz doaz".

Eguerdian bestelako berriak zabaldu dira, ordea, Somaliatik: bitartekari lanetan ari den Baredako Adinduen Kontseiluak agertu du bahitzaileek adierazi dietela marineletako bat zaurituta dagoela.

Bart goizaldean Playa de Bakio atun ontzi-izozgailuko patroiarekin hitz egiteko aukera izan du RNE Espainiako irrati publikoak, eta denak ongi daudela adierazi du patroiak. "Denak ongi gaude, eta ez dago arazorik, momentuz ez dago arazorik", esan du. Goizaldeko lauak laurden gutxi aldera lortu du RNEk arrantzontziarekin harremanetan jartzea, eta lehendabizi bahitzaileetako batek hartu du hitza.

Somaliako milizia bateko kide direla agertu du bahitzaileak, eta beren helburua bahituak askatzearen truke dirua jasotzea dela. Azpimarratu du ez dutela bahituei minik egiteko asmorik, eta guztia ahalik eta lasterren bukatzea nahiko luketela. Patroiak hitz egin ahal izan du ondoren, eta arestian aipatu bezala, denak ondo zeudela eta Obbiara (Somalia ipar-ekialdea) zeramatzatela uste zuela agertu du.

Bahituen artetik bost dira Euskal Herrikoak, zortzi Galiziakoak eta hamahiru Afrikakoak. Euskal Herrikoen artean, bat Gernika-Lumokoa da -Gotzon Clemos Aldana-, eta beste bi Lekeitiokoak -Iñaki Lopez eta Juan Pedro Sesma-.

Bahitzaileekin negoziatuko duen taldea sortzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, eta Jaurlaritzak talde horretan egon nahi duela. EAJ, berriz, kexu agertu da Espainiako Gobernuak arrantzontziak babesteko neurri gutxi hartzen dituela iritzita; EB Europako Batasunaren babesa eskatu du EAk.

Playa de Bakio atun itsasontzi-izozgailua atzo eguerdian bahitu zuten, Somaliako itsasertzetik 250 militara, atunetan ari zela. 26 marinel dauzkate gatibu hartuta: bost euskal herritarrak dira, zortzi galiziarrak eta beste 13 Afrikako zenbait herrialdetakoak. Agi denez, granada jaurtigailuak erabiliz eraso zieten lau lagunek, eta ontzia beren menpe hartu zuten. Dirua eskatzen dute bahituak askatzearen truke.

Itsaso Gorrian zebilen Espainiako Armadako fragata bahiketa gertatu den lekura bidean da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.