hezkuntza

Sopuertan eskola publikoa aldarri duten sendiek onetsi dute haurrak Zallara joatea, Jaurlaritzarekin negoziatzeko

Umeen eskolatzea arauz egitea jarri die Jaurlaritzak baldintza gisa negoziazioak hasteko; bihar egingo dute urratsa. Gose greba utzi dute.

Gurasoak eta haurrak, egindako protestetako batean. MONIKA DEL VALLE, ARP
arantxa iraola
2014ko urriaren 12a
13:24
Entzun

Herrian Lehen Hezkuntzako umeek eskola publikoan aritzeko era izatea; horixe da Sopuertako (Bizkaia) hainbat familiak asteotan izan duten aldarria, eta ase gabe laga dute protesta. Bihar Zallako eskola publikora eramango dituzte haurrak. Erabaki hori hartu dute, Eusko Jaurlaritzak negoziazioak hasteko baldintza gisara jarri dielako urrats hori egitea, eta orain arteko egoera luzatzen ari zelako. La Baluga eskola publikoan —Lehen Hezkuntzarik ez du— umeak arauz kanpo izan dituzte ikasturtea hasi zenetik, irakasle boluntarioen lanari esker, eta kezkatzen hasiak zirela aitortu du sendietako ordezkari batek, Karlos Alonsok : «Ia eskolatu gabe zeuden. Umeentzat onena zena hautatu dugu».

Gose greba hasia zuten hiru lagunek —bi gurasok eta herriko alkateak, Josean Llagunok—, eta protesta hori ere bertan behera laga dute. Nolanahi ere, adi jarraituko dutela adierazi du Alonsok. «Jaurlaritzak esan digu datorren urtean Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailak jar daitezkeela». Horretan jarri nahi dute indarra, lo hartu gabe; izan ere, esperientzia kaskarrak izan dituzte. «Orain dela bi urte ere antzeko prozesu batean murgilduta egon ginen, eta ez genuen lortu», azaldu du Alonsok. Horregatik, umeak Zallara bidaltzen hasi arren, negoziazioei erne jarraitzeko asmoa dute. Izan ere, argi dute helburua: «La Balugan egotea Lehen Hezkuntzarako eskola publikoa». Egun itunpeko eskola bat besterik ez dute aukeran, eta eskaintza publikoa bermatu beharrekoa iruditzen zaie. Zazpi familia ari dira protesta horretan.

Bizkaiko elizbarrutiaren jarrera da oztopoa La Baluga eskolan Lehen Hezkuntza eskaini ahal izateko. Eskola publikoa da, udala da jabea, eraikina berria da eta hainbat ikasgela hutsik ditu. Baina eraikita dagoen orubea elizbarrutiak eman zion udalari, eta baldintza gisa jarri zuen han Haur Hezkuntza baino ez ematea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.